Sagarra, manzana, ikatza, carbón... kantatzen dugu. Lehendabiziko hitza, sagarra, etxeko hizkuntzan. Debekatuan. Bigarrena, manzana, eskolakoan. Debekatzailean. Baina, segidan eta kolpean, kantuak prozesua inbertitzen du, eta gaztelaniak hartzen du lehen postua, etxekoa da itzulpena: mujer andrea ta hombre gizon. Ula-hop!, gaztelaniak lortu du euskararen asimilazioa, irentsi du arrain txikia, gizendu du bere mundua. Historiak badaki xehetasun txikienen arrakaletan manifestatzen. Hori sinestea gustatzen zait behintzat.
UPNko Jose Javier Esparzaren hizkuntzak ez ditu lexikon elebidunak kantatzen, gaztelaniak ez du «monte zela mendia, pájaro zela txoria» praktikatzeko premiarik izan, Esparzari ez diote eraztunik pasatu gaztelaniaz jarduteagatik, mendeetako zama astunaren laztasunak ez dio markarik utzi, ez da umezurtz kulturala sentitu.
Ororen gainetik, Esparzak libertatea du maite: ahularekin otso eta boteretsuarekin otzan jardutekoa.

HITZ BESTE
Sagarra, 'manzana'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu