Orain arte, gizakiengan aldaketa genetikoek eragin dituzten oinarrizko arazo etikoez arduratu dira adituak. Baina eztabaida hipotetikoa zen, hein batean. Erabil zitezkeen prozedurak traketsak eta zehaztasunik gabekoak ziren, horrelako esperimentuak garatzeko. Baina CRISPR/Cas9 gene edizioak aldaketa oso-oso zehatzak agintzen ditu genoman.
Teknologia horren kritikariak beldur dira akats genetikoaren definizioa ez ote den aldatuko, ez ote den akats genetikotzat identifikatuko hutsuneren bat edo zuzenketaren bat behar duen edozein genotipo. Pentsamolde horren amaieran, kritikari horien arabera,diseinu-umeen ekoizpena legoke.
Alabaina, arazorik premiazkoena egun ez lirateke «neurrian» ekoitziriko —hamarkadak behar lituzke oraindik— «diseinu-ume» horien balizko ondorioak, beste hauek baizik: egungo testuinguru genetikoei buruzko ezagutza arras osatugabearen aurrean esperimentu horien ondorio praktikoak.
Herentziazko eritasunen ezabatzea agendan da dagoeneko. Zenbait kasutan, zuzendu beharrekoa gene bat baino ez da, alelo bakar bat. Hori laster lor daiteke, eta adituek ez diote eragozpen etikorik jartzen aukera horri. Baina kasu horretan ere badira operazio ostean aurreikusi izan ez diren beranduko ondorioak. Adibidez, inork aurreikusi ez duen gertakari bat: zuzendutako genea uste baino gehiago transmititzen da, edo ondorioak ditu hurrengo belaunaldietan.
CRISPR/Cas9 teknikak ingeniaritza genetikoaren esparru guztiak irauliko ditu. Baina zer aldatzen da oraingo aldaketa genetikoan? Genetikoki eraldatutzat hartu behar dugu organismo bat zeinari CRISPR/Cast9 metodoaren bidez gene bakar bat aldatu zaion leku jakin bakar batean? Ala ez genuke interpretatu behar berezko oreka genetikoaren aldaera berritzat soilik?
Teknologia horrek artega izango du jende asko. Eta ez zientifizistek argudiatzen dutenagatik, alegia informazio zientifiko «egokirik» ezagatik, jende horiek ez dutelako «artifizialtasun» gehiagorik nahi baizik; ez dituztelako onartzen beraiek gabe aurrera daramatzaten zientziaren eta teknologiaren prozesuetatik ondorioztatzen diren objektu eta organismoak; ez dutelako nahi kontsumitzea eta erabiltzea informaziorik gabeko produktuak —ingeniaritzan aldatutako geneak berezko aldaeretatik ezberdintzen ez badira ere—; ez dakitelako zein diren material genetikoaren aldaketak bestelako lekuetan —eta ez jomugan bakarrik— izan ditzakeen ondorioak; ez dute nahi, azkenik, arrazoi emozionalengatik egungo zientziak, teknologiak, berrikuntzak sortzen dutena. Baina jende horiek aintzat hartu beharko lukete, era berean, zeintzuk liratekeen hainbat eritasun osatzea ahalbidetzen duen teknika indartsu hori ukatzearen ondorio negatiboak.
Zeren, azkenean, egiazko arazoak beste nonbaitera zuzendu behar ditugu: ez al dute CRISPR/Cast9 bezalako teknologiek beste mundu baterantz seinalatzen, non osasun zerbitzuetara iristea ezberdina eta asimetrikoa izango den? Zientzia fikzioa izango dena batzuentzat, besteentzat ekonomikoki egingarria izango da; tresna ulertuz, egokia batzuentzat medikuarekin norberaren osasunaz negoziatzeko, besteentzat mendekotasunean erortzeko lanabesa; emozionalki onargarria batzuentzat, besteentzat ez, horrek ekar litzakeen ondorio larriekin...
Auzi horiek ez dira CRISPR/Cas9 alde zientifiko-teknikoari dagozkionak, haren alde soziopolitikoari baino: zein da eritasun genetikoak osatzeko ordaina? Edo hobeto adieraziz: zein gizaki nahi dugu aurrerantzean? Zein gizarte etorkizunean?
Proiektu zientifikoa ala soziopolitikoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu