Dakizuenez, gaur hogei urte dira Prestige-ren hondamendia gertatu zela. Itsas segurtasunari dagokionez, ez da askorik aldatu ordutik, oraindik ere ez baitaukagu erakunde propiorik itsasoko istripuak eta itsasontzien isuriak ikertzeko. Madrilek ez du kostarik, baina hantxe dago horrelako ezbeharrak ikertzeko batzordea, eta Galizia, berriz —1.700 kilometro itsasertz, 128 portu eta 4.200 itsasontzitik gora edukita—, Espainiaren mendeko da, zoritxarrez. Eta halaxe da, nahiz eta Galiziako kostaldean gertatu diren 60 urteotan petrolio isuriak eragin dituzten hamahiru istripurik handienetatik zortzi.
Prestige-ren hondoratzeak agerian utzi zuen herri ausarta eta borrokalaria garela, Nunca Mais mugimenduak erakutsi bezala, eta eskumenak eduki beharra dagoela itsasertzari dagokion guztian; are gehiago, jakinik egunero batez beste 35 itsasontzi ibili ohi direla Galiziako kostaldean salgai arriskutsuekin. Horietako hamabostek, gutxi gorabehera, ez dute zertan bete Europako Batasunak segurtasunari dagokionez ezarritako eskakizunak.
Gaur-gaurkoz, itsas salbamenduaren eskumena bera ere Espainiako Gobernuarena da oraindik. Estatutuan jasota dagoenez, Xuntari legokiokeen gai bat da, baina badirudi PPri ez zaiola interesatzen. Gure orrialde hauetan esana dugunez, Martxelo eta Vicent, Galiziako Gobernuak ez du lortu eskumen horietatik bat bera ere eskualdatzea hamahiru urtean, alegia, 2009az geroztik: PPk urte hartan hartu zuen berriro San Caetanoko agintea. Hain zuzen, Feijooren alderdiak hiru alditan ere bozkatu izan du Galiziak bere itsas salbamendu propioa edukitzearen kontra.
Hainbestekoa da Galiziako Gobernuak gai horretan duen utzikeria, ezen arriskuan baitago Costa da Morteko praktikaje zerbitzua berritzea bera ere —itsas segurtasunerako ezinbestekoa, itsasontzien irteera eta sarrera zuzentzeko—, Galiziako Xuntak nabarmen murriztu baititu baliabide ekonomikoak. Eta, bitxia bada ere, zailtasunak dituzten itsasontzientzako «babesleku segurutzat» deklaratu zituen Galiziako administrazioak portu kaltetuak. Negargarria da, gero, nolako mespretxua diguten gobernatzen gaituztenek.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
'Prestige', hogei urteren ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu