Gobernu bateko presidente bat definitzeko erabil ditzakegun adjektiboen artean badago bat Pedro Sanchez Espainiakoarekin ezin izango duguna erabili: aspergarria. Kazetarioi, Vicent, presidente dibertigarriak gustatzen zaizkigu, profesioa eramangarriagoa egiten laguntzen digutelako. Argudioa mutur batera eramanda, zertaz idatziko genuke haiek gabe. Beste muturrean, presidente serioak, kalkulatzaileak, zurrunak, lauak eta grisak daude. Horiek ez zaizkigu asko gustatzen lumaren sindikatukideoi.
Aste hau izan da arestian izandakoaren adibidea. EH Bildurekin PSOEk eta UPk egindako akordioak aho bete hortz utzi gintuen denok, formagatik eta edukiagatik. Ustekabeko akordio horrek Espainiako dantzaleku politikoaren erdian jarri du EH Bildu, Espainiakoan eta Hego Euskal Herrikoan. PPren garaiko lan erreforma osorik eta oso epe laburrean indargabetzeko konpromisoa hartu zuten hiru alderdiek, EH Bilduk alarma egoera luzatzeko bozketan abstentzioa ematearen truke. Imintzioak imintzio, Sanchezen baiezkoarekin.
Ezker Abertzaleak, oraingoak eta aurrekoak, ez zion inoiz aterako horrenbesteko etekinik abstentzio bati. Luzea da dendako erakusleihoan erakuts ditzakeen harribitxiak. Legearen indargabetzearen eragile izatea, PSOEk gai garrantzitsuetako mintzakide hartzea, Espainiako sektore progresistetan irudia hobetzea, EAJrekin lehiatzea Madrilen baliagarria izateko orduan...
Eusko Legebiltzarrerako uztailaren 12ko hauteskunde kanpaina diseinatu diote asteon PSOEk eta UPk EH Bilduri.
Pozak pobrearen etxean gutxi iraun ez dezan, akordioak balio beharko luke gure herriko herritar asko poztuko lukeen bestelako akordioa ere lortzeko: espetxe politikaren indargabetzea.
ENBAXADA BILA
Presidente dibertigarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu