Saioa Baleztena Rudi.
ELE

Prekaritatearen gurpilean

2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Uda bakoitzean ariketa bat egiten dut: zirrikitu batetik begiratzen diot iraganari, nire bizitzaren errepaso bat eginez. Atzera begira ari nintzela konturatu naiz aurten hamar urte bete direla unibertsitate garaia bukatu zenetik. Gogorra izan da: hamarkada bat prekaritatearen gurpilean.

Eta kezkatuta nago gure ogibidearekin. Edo ogibidearekin baino gehiago, kazetari izateko ditugun oztopoekin. Oroitzen naiz unibertsitatean, etorkizunari begiratzen nionean, bide-orria argi nuela. Zoratzen ninduen, ikasketak amaitzearekin batera, ordura arte bizirauteko egindako lanak utzi eta maite nuena eginez biziko nintzela pentsatzeak. Ordurako, krisiak eztanda egina zuen eta irakasle batek baino gehiagok errana zigun testuingurua zaila izango zela, kazetariontzat bereziki. Ez da kasualitatea, gure promozioko guti batzuek bakarrik erabaki genuen kazetaritzaren bidetik jarraitzea. Eta tristatzen nau hainbertze kazetari onek benetako lan bat bilatu dutela ikusteak. Baina, era berean, ulertzen dut, nik ere maiz pentsatu izan dut ogibidez aldatzea dela irteera bakarra. Are gehiago, emakumea izanik.

Diana Oliver Amatasun prekarioak liburuaren idazlea ezagutzeko aukera izan nuen, aste guti barru Argia-k kaleratuko duen elkarrizketa baten aitzakiarekin. Luze eta zabal solastatu ginen hala nola kazetaritzaren prekaritateaz. Egin zuen gogoeta bat iltzatu zait: elkarrizketa edo erreportaje bat egiteko behar dugun denbora kontuan hartuta, eta hedabideen tarifekin, kazetari gisa Telepizzan baino gutiago irabazten dugu. Nola bermatuko dugu kazetaritza zorrotz eta kritikoa, prekaritatera zigortuta bagaude?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.