Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ponsati eta Borras

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, aste honetan bi emakume izan dira Kataluniakoaktualitate politikoko protagonista. Bi emakume eta oraindik ere pairatzen ari garen errepresioa, Madrilek egindako erreformak erreforma eta promesak promes.

Asteartean Clara Ponsati agertu izana ezusteko handia izan zen. Bruselan erbesteratuta dauden gainerakoak bezalaxe, urteak dira Juntseko eurodiputatua Kataluniako iparraldera etor zitekeela; bolada luzeak eman ditu bertan, Frantziako Estatuan bizitzeko eskubidea onartu ziotenetik. Baina begi bistakoa da oso salto handia eta arriskutsua zela hegoaldera itzultzea, Bartzelonara itzultzea, gure herrialdea bitan banatzen duen muga artifiziala zeharkatuta. Eta hala izan zen: Ponsati prentsaurreko bat egitera etorri zen, horren ostean Mossos d'Esquadrako kideek atxilo hartu, eta aske utzi zuten handik bost ordura.

Ponsati erbestera joan zenean, Espainiako Estatuak bost delitu egozten zizkion, matxinada eta sedizioa barne. Bost urte geroago, delitu horiek denak kendu dizkio, eta desobedientziarena baino ez dio leporatzen orain. Ponsati eurodiputatua da, eta kargu horrek immunitatea ematen dio. Eta hainbeste bataila judizial irabazi dira Europan, non Llarena epailea ez baitzen ausartu Ponsati Madrilera eramaten atxilotuta, nahiz eta aginduak esan hori egiteko.

Alde horretatik, Ponsati Bartzelonara itzuli izana garaipen izugarria izan da Kataluniako independentismoarentzat. Llarenak orain nahi duena zera da, Ponsati bere aurrean aurkeztea apirilaren 24an, Madrilen, baina Ponsatik esana du ez diola aitortzen bera epaitzeko legitimitatea, eta ez daukala joateko asmorik. Beraz, orain Espainiak du arazoa mahai gainean; ea ausartzen diren Ponsati atxilotzen, kontuan hartu gabe Europako sententzia batek ohartarazi duela Gorenak ez zuela eta ez duela eskumenik urriaren 1ean gertatu zena epaitzeko. Beldurra aldez aldatu da.

Eta hori, kontuan hartuta errepresioa ez dela bukatu eta Kataluniako arazo politikoa ez dela konpondu. Horren adierazgarri argia izan da Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidentea zigortu izana.

Independentismoaren parte batek bizkarra eman dio Borrasi, eta ustelkeriaren mantrari eutsi dio. Baina kontua da sententzia zentzugabekeria hutsa dela. Uste dut frogatuta geratu dela Borrasek irregulartasunak egin zituela, baina horren ondorioak hain dira gehiegizkoak eta lekuz kanpokoak, non auzitegiak berak zigortu baitu aurrena eta indultua emateko eskatu gero, Borras espetxean sar ez dadin, baina politika egin ezin dezan. Nabarmenegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.