ZUZENDARIEN GALEUSCA

Poliziez, faxismoaz, matxismoaz

Maria Obelleiro.
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

Ukrainako gerra, krisi ekonomikoa eta Sanchezen gobernuak Sahararen auzian egindako jarrera aldaketa... eta, tartean, bestelako informazio bat lerratu zen, berriro ere agerian jartzen duena estatuko segurtasun indarren eta erakundeen ustelkeria. Estibaliz Palma Espainiako Poliziaren Pontevedrako komisariaren buru kargugabetu berriak oraintsu esan duenak ezinago modu okaztagarrian eta argigarrian aditzera ematen du zer ordezkatzen duen 1978ko erregimenak. Izan ere, Vicent, zure herrialdean urriaren 1eko erreferendumaren inguruan gertatutakoei buruz, zera adierazi zuen Estibaliz Palmak, Polizia horretako istiluen kontrako agente bati egindako omenaldi batean: «48 orduren buruan, bazirudien Polizia Nazionala eraldatu egin zela eta, bat-batean, bortxatzen, tratu txarrak ematen eta auskalo beste zenbat gauzatan zebilela; emakume batzuek nahiko lukete, bai, esku-hartze unitate bateko norbaitek bortxatzea». Segidan, barreak aditu ziren. Barra-barra. Eta hauxe: «E, ezabatu hori!».

«Emakume batzuek» esanda, emakume independentista katalanez ari zen, bi aldiz diskriminatuak izaki: emakume izateagatik eta katalan izateagatik. Harako «eman egurra!» haren beste adibide bat. Eta botatako aberrazio haren aurretik ere, Palmak azaldua zuen ezen 1-0eko emaitza gertatu zenean komisarioa zela Pozuelo de Alarconen, «plaza nazional, ez-errepublikano batean; alegia, primerako tokia hitzaldi bat ematera joateko». Espainiako Estatuaren segurtasun indarren hizkera peto-petoa, kutsu faxistaz betea. Martxelo, zuk beste inork baino hobeto dakizu zer izugarrikeria egiten dituen Poliziak gaur egun bizi garen postfrankismo garai honetan.

Andre horren hitzak entzun nituenean, gogora etorri zitzaizkidan tratu txarrak jasan dituzten emakumeak. Irudikatzen al duzue holako alaja bat indarkeria matxistaren biktima bat artatzen? Holako ideologia izanda, Poliziak nola aholkatu eta babestuko du emakume bat, haren bikotekideak, bikotekide izanak edo beste edozein jazarlek tratu txarrak ematen badizkio? Azeria jarriko lukete oilo zain.

Patriarkatua egunero bazkatzen da andre horren jokabidearen antzekoez —zeinari badagokion erantzukizunik, berez—, gero eta gizenago egoteraino bazkatu ere. Halakoxe testuinguruan gertatzen dira hainbat heriotza, hala nola Pontevedrako eskualde Barro-ko bizilaguna zen eta 29 urte zituen andre harena: aspaldi-aspalditik jazarle zuenak bere autoaz basaki jo zuen emakumearena. Noizbait hautsa, egun lokatza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.