Poliedroa

Manex Agirre.
2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Txapelketak bertso eskoletan duen eraginaz burua apurtzen hasi, eta hara non, buelta gehiago eman dizkiot bertso eskolak zer diren pentsatzeari, eragin posiblea definitzeari baino. Iruditzen baitzait txapelketa, sistema gisa, defini errazagoa, iragazgaitzagoa dela, bertso-eskolen egituraketa anitza baino; kanpotik begira patroi bakarrez ebakitako itxura eman dezakete, barrutik begira geruzaz osatutako mini sistema dinamikoak dira (Asko esatea da? Bale... baina ez da gehiegi esatea).

Bertso eskolak esan, eta oro har, berehala dator transmisioa burura. Berehala-egi, agian. Arrazoi puntu batez entzun diot bati baino gehiagori azkenaldian jainkotu-edo egin dugula transmisioaren hori. Egia esan, akats baten ondorio da jainkotzearena. Kontzeptuak ez dira berez sortzen; guk, jendeak, sortzen ditugu (edo, zehatzago, gure «beste gu» horrek, hau da, proiekzioa dutenek, akademiak, autoritateak), eta gertatzen da, errealitateak bide poliedrikoa duela badakigun arren, plano bakarra ematea begiradari. Transmisioak ez du zertan «jaioko dira berriak» zentzua bakarrik izan. Ez du zertan leinu eta armarri usaina ekarri.

Ez da nik asmatua. Transmisio bertikala eta horizontala bereizten dira medikuntzan: birus bat (ez duzue nire baimenik behar konparazioa egiteko; aurrera) bertikalki transmititu daiteke belaunaldiz belaunaldi, edo modu horizontalean hedatu, espezie bereko kideen artean. Paula Kasaresek hizkuntzaren transmisioaren ikuspegi murriztua zabaltzeko proposamena egin zuen orain urte batzuk,eta sozializazioaz ari gara gaur, normalizazioaren esparruan. Belaunkideen artean dagoen berdinetik berdinerako harremanaz.

Bada: bertso eskoletan, argi eta garbi ikusten da hori. Transmisio bertikalerako gune izatetik (bertsotan ikasteko eskolak), bertsoaren sozializaziorako gune izatera pasatu dira, nahiko modu naturalean. Hori esanda, eta txapelketak bertsogintzari eta bertso-mugimenduaren estatusari ematen dion astindua kontuan hartuta, argi dago: bertso-eskoletan duen eragina uste baino anitzagoa da.

Zerrendatzen hasita... Baga: txapelketak bertso eskola batzuetako dinamika alda dezake, bizituz, intentsitatea handituz, giroa berpiztuz, are gehiago bertso eskola horretako kideren bat txapelketan parte hartzen ari bada. Biga: txapelketak bertso eskolan lantzen diren gaietan eta ariketetan eragin zuzena du, eta baita gai horietako zenbait tratatzeko moduan ere. Higa: bertso eskola bere lurralde-eremuko bertso saioen antolatzaile edo antolatzaile-kide den kasuetan (hala izan beharko litzateke leku guztietan, ahal dela), txapelketak bertso saio horietako protagonistak, gaiak, dinamika... baldintza ditzake. Laga: bereziki belaunaldi berriz osatutako bertso eskoletan, erreferente berriak (hezur-haragizkoak, doinu formakoak, estiloaren esparrukoak) sortzeko balio du txapelketak. Boga: txapelketa zale ez diren bertso eskolentzat (baita gainontzekoentzat ere) trufarako bazka ederra dira txapelketako desmasiak. Sega: material didaktiko zoragarria eskaintzen du txapelketako bertsoen bilketa sistema ederki antolatuak, bertso eskoletako irakasle eta dinamizatzaileentzat. Eta segi.

Ustez, goiko zerrendan, bi soilik dira transmisio bertikalaren ikuspegitik txapelketak dituenekarpenak. Txapelketaren arrakastak sekreturik badu, agian, bertso-mugimenduaren plano-ugaritasunak badu zerikusirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.