Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Pol-pola eta gorgola

2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Orain dela bost hamarkada Bergarako Pol-pol mendi taldeko kide izan nintzen. Ordurako banekien zer zen Iturtxipiko uraren gorgola. Sinonimoak ez badira ere, ezin uka elkarrengandik hurre direla bi hitzok.

Duela hogei bat urte Leitzako Luze-ri aditu nion uraren pol-pola ia desagertua zela gure errekatxoetatik. Aurten Iturtxipiko gorgola desagertu da, tira, porlanezko kutxatila bat jarri dute, ezin jakin ezkutuan gorgolak dirauen ala ez.

Bi urte ditu ureztatzeko sistema berriak. Kanalizazioa ezkutuan gertatzen da. Ura lur azaletik desagertuta, matxura bat gertatzen den aldiro komeriak, aztikeriatik du konponketak. Inoiz kilikagarria gertatu zait adituen biltzarra aditzea, zenbait hipotesi eta soluziobide literatura hutsa dira.

Astebete igaro da ura herri osorako moztu zutenetik. Mantentze-lanak argudiatu zituzten ur mozketa iragarri zigutenean. Hona afera, toki jakin batetik aitzina uraren emaria nabarmen jaisten da, kasualitatea lehengusua dugu kaltetuen.

Atzo berriz hots egin nion Amaia Ezpeldoiri laguntza eske. Une horiek probesteko aholkatu zidan, miraz zaintzeko konponketa. Horretaz ari ginela, zuberotarrak June Jordan ekarri zuen gogora: «Hitz hauek / harri dira ihesi doan / uretan». Pol-pol eta gorgol bezalako hitzak badoaz, ele berriak asmatu beharko ditugu uraren kudeatzeak ekarri eta ekarriko dituen usadioentzat.

Baratzean ari naiz idazten. Osabaren diosala aditu dut. Nire ondoan eseri da eta gaia hizpidera ekarri dudanean ur mankomunitatearen egitasmoa berritu dit. Txikizio hitza atera da nire ahotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.