Ironiak argibideak behar ditu, je-je esan behar dugu eta emotikonoak erantsi ironiatsu jokatu nahi dugun aldiro? Aratz jaunak eta Garbiñe damak, ironia orbangabearen defendatzaile puruak bi-biak, ezetz diote: laguntza behar duen ironia porrot egin duen ahalegin bat omen da. Baina koska da ikaragarri ugaritu direla emotikonoak mezu idatzietan, komatxo artean bezalako abisuak ahozko jardunetan. Abisatu beharra. Asmoa zein den garbi uzteko premia. Zilegi da zalantza egitea: mezua jaso behar duena tontotzat hartzen delako ala mezularia delako motz samarra?
Baina xelebreena da mezu bat keinuekin indartzeak lege bat eta guzti duela: «Keinu edo seinale argitzailerik gabe, ez da posible bereiztea muturreko jarrera ideologiko bat eta haren parodia». Poe izena darama legeak, baina lasai, tentelkeriak ez du zerikusirik idazle handiarekin, legeak Nathan Poe izeneko internauta du aita aita. Abisatu egin nahi nizuen. Je-jerik gabe.

Hitz beste
Poeren legea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu