Pinua bota, zertarako?

Aitziber Sarobe Egiguren.
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Pinudiak erabat gorritzen ari dira, sendabiderik ez duten onddo-izurriteek jotako pinuak lehortzen ari dira. Aldundiek, gainerako administrazioen laguntzarekin, baso-kudeaketa egurraren sektoreko profesionalen mesedetan arautu eta gauzatu dute; beraz, argi dago, aspalditik aurreikusten zen egoera honen arduradunak non bilatu behar diren.

Egoera honen aurrean, Baskegur erakundeak ordezkatzen dituen sektoreko profesionalen eta nekazaritza sindikatuen eskaera nagusia da: administrazioak dirua eta baliabideak jartzea ahal denean pinudi hauen osasun egoera hobetzeko, eta ezin denean pinudi hauek bota eta hazkuntza azkarreko beste espezieekin ordezkatzeko (eukaliptoa eta bestelako espezie exotikoak dituzte jomugan). Monokultiboen bidezko egurgintza intentsiboa mesedegarri zaie, eta beraz, ez dute zalantzan jartzen basogintza-eredu hau. Ahalik eta epe motzenean eta kosturik txikienarekin etekinik handiena ateratzea dute helburu, eta egurrak dirurik ez duenez ematen, diru-laguntzak behar dituzte: legeak eta araudiak baliatuz, administrazioaren baso-politika baldintzatzen dute. Baina, interes komunaren defentsan ari direla justifikatu behar dute nolabait, eta horretarako estrategia arrakastatsua da bestelako aukerarik ez dagoela sinetsaraztea, edozein aldaketak ekarriko lukeen zorigaiztoa irudikatzeko etsaia sortuz: ekologistak. Sektoreko profesionalek ez ezik, administrazioak ere aldaketarako planteamendu oro automatikoki baztertzen du ekologistak aitzakia hartuta.

Monokultiboen bidezko ustiapen-eredu honek berezkoak ditu ingurumen kalteak: lurraren higadura, bioaniztasunaren galera, izurriteen eta bestelako gaixotasunen agerpena, kutsadura kimikoa... Teknologia da salbazioa horrelako ustiapen-ereduak defendatzen dituztenentzat. Hobekuntza genetikoa, ustiapen-tekniken berrikuntza eta kontrola, egurraren erabilera berriak, jasangarritasun-zigiluak, lurra ongarriztatzeko eta basoen osasuna zaintzeko tratamendu kimikoak, egurraren balorizazioa eta abar proposatzen eta saltzen dituzte, baina eragindako kalteak ikertu eta baliatutako diruarekin egindako lorpenak justifikatu gabe.

Bestalde, nahiz eta pinudi handiak sektoreko profesionalen esku egon, pinudi gehienak lurjabe txikienak dira (baserritar nahiz kaletarrenak). Hauen artean interes ezberdinak daude, eta hainbat hasiak dira alternatibak eskatzen. Diru gutxiago irabazi arren, batzuk bertako espezieak landatzen ari dira ingurumen-kalteak gutxitzeko, eta gero eta gehiago dira kaltetutako pinuak usteltzen uzteko prest daudenak berezko basoberritzearen mesedetan. Hauen eskaera ere ulergarria da: egurretik ateratako etekinari uko eginez, natur kontserbazioaren ikuspegitik balioa irabaziko luketen lursail horiengatik zerga bidez sarituak izatea eskatzen dute. Alegia,gizarte osoarentzat onuragarria litzatekeen jokabideak kosturik ez eragitea (edota irabaziak ematea).

Euskal Herriko eremu atlantikoan basoen leheneratzearen eta kudeaketarenbaitan dago ondare naturalaren kontserbazioa. Inoizko aukerarik onena daukagu orain arteko baso-politikak aldatu eta epe ertain-luzera begirako kudeaketa-eredu sostengarriak planifikatzeko. Aldundiek daukate egoera hau bideratzeko eskumena, eta badituzte proposamenak; esaterako, aurreko legealdian Gipuzkoan Naturkon elkarteak edota Bizkaian sortu den Kolore Guztietako Basoak plataformak aurkeztutakoak. Basoen leheneratzea eta zuhaitz landaketen ustiapena adituek osatutako mahai berean eztabaidatzea ezinbestekoa da, eta erabakiak hartzeko guztien ahotsa kontuan hartzea komenigarria. Besteak beste, ingurumenaren osasuna eta, beraz, gurea dago jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.