andoni egana

Pilaketa

2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Ezer gabeko egunak ospatzen hasi behar genuke. Deus gertatzen ez zaigun eguna zoragarria da. Baina gaizki ikusia dago eta guk ere geure buruak zigortzen ditugu eguna joan eta taxuzko ezer egin ez badugu. Esan izan dut behin baino gehiagotan: pertsona da aspertzen den animalia bakarra. Eta asperdura horri zor dizkiogu gure obrarik behinenak —Picasso mutikoa aspertzen zelako hasi zen margotzen; Benito Lertxundi aspertu egiten zen bitxi-dendan lanean; aspertu egiten zelako hasi zen Isaac Albéniz musika sortzen…— eta makurrenak ere bai —aspertu egiten zirelako hasi ziren mutiko haiek autobide gaineko zubitik autoei harri-tiraka; aspertzen ginelako harrapatzen genituen sugandilak eta mozten genien buztana…—.

Eta halere, gure artean behintzat, ez du ospe onik aspertzeak. Hizkuntza bera da lekuko. Kosta egin zaio gureari aditzari sustantzia ematen. Nola da, asperdura? Asperra? Biak zaizkie aski berri nire belarriei…

Asperraren aurkako borrokan, beste muturrera jo dugula pentsa daiteke egunotan. Black Friday, Gabonetako argiak piztea, Euskararen eguna, Erdi Aroko azoka gure herrian, Durangokoa… Aspertzen ez dakienarentzat pagotxa. «Jende mordoa bildu da» esango dute bueltan, aspertzen ez dakitenek poz hartzen baitute kofradiakideak asko direla sumatzean. Eta bitartean gu, aspertzeko prest geundekeenak, ezin tarte bat harrapatuta…

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.