Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Pablo Hasel: bi urte espetxean

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ostegunean bi urte bete dira Pablo Hasel rap kantaria espetxeratu zutenetik. Abesteagatik. Bere abestien hitzengatik. Bost urte eta erdi egin behar ditu oraindik Ponenteko espetxean, Generalitatearen lotsarako. Hasel izan zen bere abestien hitzengatik espetxean sartu zuten lehenengo rap kantaria, baina ez da izan zigortu duten bakarra: Vatonyc erbestean bizi da, Flandrian, eta La Insurgencia taldeko hamabi kideei sei hilabeteko zigorra ezarri zieten.

Berriro idatziko dut, oso larria baita: Haselek bi urte eman ditu dagoeneko espetxean, abesti batzuen hitzengatik zigortuta. Lluis Llachek esan zuen moduan, botere frankista ere ez zen ausartzen halakorik egitera. «Terrorismoa goratzea» delituaren anbiguotasunaren eta botere judizialaren jarreraren ondorioz gertatu da anomalia penagarri hori Europan, eta bi zirkunstantzia horiek zabaldu diote bidea. Eta PSOEk.

Pentsatzen dut gogoan izango duzula, Martxelo, Alfredo Remirezen kasua: terrorismoa goratzea leporatu zioten Twitterren erabiltzaile euskaldun hura. Bere kontu pertsonalean hau idazteagatik sartu zuten espetxean: «Gustuko dut suak goizean duen usaina». Apocalypse Now filma zuen gogoan, argi eta garbi, eta denek ulertu zuten, epaileak izan ezik. Eta ez nago ziur, baina ez nintzateke batere harrituko, Maria, Galizian antzeko zerbait gertatu izan balitz. Estatuak berdin jokatzen baitu disidentzia guztien aurka. Toki batekoa nahiz bestekoa izan.

Hasel espetxean sartu zutenean, izugarrizko eskandalua sortu zen, eta Unidas Podemosek indultu eskaera bat aurkeztu zuen, baina haren gobernukideek irmo baztertu zuten. Duela gutxi, zigor kodearen erreforman, iritzi delituen erreforma bat egiten saiatu ziren, baina ezerezean geratu zen berriro ere, sozialisten intrantsigentziagatik. Eta , halaxe, denbora badoa.

Gainera, ondorioek ez diete inplikatuei bakarrik eragiten. Aste honetan Vilaweb-en argitaratu dugun artikulu batean, azaldu dugu egileen artean autozentsura areagotzea ekarri dutela Haselen espetxeratzeak eta Valtonycen erbesteratzeak.

Ezin izan dugu eragotzi, beraz, eta Haselek barrote artean bakartuta bete ditu urteak.Gu guztion lotsagarri, batez ere ikusita haren egoera eta espetxe barruan jasotzen duen tratua preso gisa dituen eskubideen urraketa argia dela. Eta tratu txar horiek Kataluniako Gobernuaren kontua dira, harenasoilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.