Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

P ajea

2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bide bat erabiltzeko eskubidea izan dezazun ordaindu beharrekoari deritzo peajea. Bizitzan gainditu behar izaten ditugun hesi guztiak ez dira, ordea, denentzat berdinak. Ez baikaituzte berdin hezi! Zenbat peaje eta zenbat aje pasatu behar ditugun emakumeok oraindik ere! Garai batean erregearen edo jauntxoaren lurretan bide egiteko eskubidearen truke eskatzen zen ordainsaria zen peajea. Gaur egun, ordea, edozein sentitzen da lur eta gorputz emeen jabe. Zenbat jaun, txo! Eta ez naiz selekzioko lehendakari batek ospakizun batean bere hankartea eskuz harrotzeari buruz soilik ari. Ez naiz ezpainetan baimenik gabe emandako muxuaz soilik ari.

Gizarte heteropatriarkatu honek gisa horretako gizasemeei eskaintzen dien babesaz, konplizitateaz eta inpunitateaz ari naiz. Hamar urteko nire zenbait ikaslek euren gelakide diren neskekiko duten botere harremanez ere ari naiz. Edo bollera izateagatik iruzkin sexista eta homofoboak entzunarazten dizkidaten horiek duten zilegitasunaz ere ari naiz. Edo bertso munduan inertziaz eta imitazioz plazaratu ditudanez ere bai, zergatik ez. Ni ere ez bainago salbu matxismotik eta fobietatik. Zoritxarrez, aipatu ditudan lagin hauek eta zerrendatzen gehiegi luzatuko nintzakeen beste mila adibide daude. Ez dira salbuespenak, ez.

Taldean bortxatzen dutenen koartada bat gehiago baino ez da alkohola. Edo droga ilegalak, berdin zait. Oinarrian ilegala behar lukeen gizartearen arau inplizituen anaitasuna dago. Eta nahiago baduzue, goazen legitimitatearen piramidean erpin kamutsagoetara. Kamutsagoak iruditzen zaizkigunak esan nahi nuen, era berean besteak bezain punta zorrozdun eta zulatzaile izan arren. Zerk eskaintzen die neska bati onartu gabeko ukituak eta esaldi lizunak esateko eskubidea? Zergatik da oraindik ere aluduna sexu ahula? Zergatik aipatzen da komunikabideetan «kirola» maila unibertsalean gizonezkoena denean? Eta zergatik sentitzen da «emakumezkoen...» esan beharra? Zergatik dira gizonak abortuaren inguruan erabakiak hartzen dituztenak? Arau sozial batzuen onarpen eta babespean gauzatzen diren ekintzak dira. Goitik beherako normak eta hormak dira, boterea bermatzen zaienen arteko konplizitate etengabekoa. Pribilegioez eta erdiguneaz ari gara. Azal zuridunok ere baditugunak mundu zabalera begira jarriko bagina. Baina batzuek umorerik ez dugula argudiatzen dute. Txantxa bat onartzen ez dakigun feminaziak garela leporatzen digute beste batzuek. Eta barkatuko didazue, baina ni nekatu naiz eztarriko zainak puztu eta odol txartzeaz. Ez dezagun fokuaren argia besteen teilatuetara desbideratu, itzala gugan dago-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.