Oscar Romeroren lehen meza 1944an izan zen. Bere jaioterrian, El Salvadorreko sortaldean, eman zuen, 26 urte zituela. Bi urte lehenago apaiztu zen Erroman. Herrialdea oligarkek eta Estatu Batuek babestutako diktadura militarraren uztarpean zegoen; hamarkadek aurrera egin ahala, egonkortu baizik ez ziren egin torturak, sarraskiak, eskuin muturreko indar paramilitarrak eta heriotza eskuadroiak.
Romeroren azken meza 1980ko martxoaren 24an izan zen. 62 urte zituela eman zuen. Hiru urte lehenago San Salvadorreko artzapezpiku izendatu zuten. Hasieran, oligarken babesa jaso zuen, haien alde egingo zuelakoan; baina Romero, errepresio eta bortizkeria ekonomikoaren neurriaz ohartu ahala, ustel atera zitzaien: «Ezin da aldi berean Jainkoaren eta diruaren morroia izan». Duintasunaren eta justizia sozialaren aldeko sermoi sutsuak gero eta etxe gehiagotan sartzen ziren irratiaren bidez. Egun batean, azkenik, ogia sagaratzen ari zela, kaperako ate zabaletatik oligarkiak bidalitako bala bat sartu eta bere bihotza jo zuen arte.
Romeroren hileta meza 1980ko martxoaren 30ean izan zen. Gorpua eta aldare inprobisatu bat San Salvadorreko katedraleko atarian kokatu ziren, ezinezkoa baitzen bertaratutako 250.000 pertsona tenplu barruan sartzea. Meza erdian, armadako frankotiratzaileak plazako jendetzaren aurka inor bereizi gabe tiro egiten hasi ziren. Handik gutxira, gerra zibila piztu zen. Estatu Batuek ia 5.000 milioi dolarrekin finantzatu zituzten hura eta beste sarraski asko.
Romeroren kanonizazio meza 2018an izan zen. Bere izena, irudia zein hitzak nonahi topa daitezke herrialde osoan zehar: elizetan, gobernu erakundeetan, kamisetetan, herri elkarte batek margotutako mural xumean. Egunero, haren hilobi ondoan jendea negar-malkotan topa daiteke belauniko. Inoiz ikusi dudan oroimen historikoaren aldeko kanpainarik handienaren protagonista da Romero, botere ekonomiko eta politikoaren ankerkeria gordinki salatzen duen kanpaina.
Baina eraginkorra ote da? Oroimen historikoko testuinguruetan intsignia nagusia berriro gerta ez dadila izan ohi da. Justiziaren aldeko mezu indartsuak ez dira inola ere historia ez errepikatzeko mekanismo nahikoa, batez ere bitartean errepresioa, desparekotasun ekonomikoa eta inboluzio demokratikoa areagotzeko bide ematen duen sistema indarrean badago; El Salvadorren, Erdialdeko Amerikan, eta gainerako kontinenteetan gertatzen ari den bezala. Munduan, herriaren esplotazioa eta hilketak sortu zituzten baldintza materialak aldatu ezean, Romeroren hilobi ondoko negarra betikotzearen arriskua dago.