andoni egana

Ordutegia

2024ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Sustoa hartu dut hasieran. Koxkorra, baina sustoa. Albistearen izenburuak hala zioen: «Espainiako Gobernuak erabaki du sei hilabeteren buruan enpresek eta autonomoek ordutegi-erregistroa abian jarri beharko dutela derrigor».

Nola jakingo du Espainiako Gobernuak niri buruz neuk ez dakidana? Ordutan neur al liteke sortzailearen lana? Pantaila zuriari begira ematen dena ordutzat jotzen al da? Zergatik ez? Bidaian edo aparkaleku bila ematen direnak lanordu al dira? Eta bertso saio baten ostean antolatzaileekin hartzen den tragoxka ez al da lanordu? Neure burua irudikatu dut egun santu guztian zehar eskuetan kronometroa hartuta, orain kalka eta gero kalkatzeari utzi. Kalka eta utzi, kalka eta utzi.

Betebehar gehiagoren zama handiegia litzaidakeela pentsatuta, albistea xeheago irakurtzen hasi naiz. Lasaitua hartu dut. «Enpleaturen bat duten autonomoei eskatuko zaie ordutegi-erregistroa». Eta lasaituaren ondoren, gogoeta. Geuretik baino ez dugu neurtzen mundua. Burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten enpleatuak dituen autonomoaren figura. Enpleatuak dituena eta haien ordutegiaren berri eman beharra duena ez al da enpresaria? Ez da izango. Baina hura autonomoa bada, ni ez naiz autonomoa. Independentea naiz, gutxienez. Eta ez dut orduen kontaduriarik eraman nahi. Are gutxiago Gobernuak jakin dezan…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.