Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Ordainlekua

2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Zer izan nahi duzu handitan?» galdetu eta «medikua» erantzuten nuen; bata zuridunak eta orratzak ezer baino gehiago gorroto nituen arren, nolabaiteko prestigiodun lana dela sumatuko nuen ziurrenik—denek «ooh!» batekin erantzuten baitzidaten—, eta horrexegatik nire erantzuna. Baina bazen lanbide bat askoz misterio eta magia gehiago iradokitzen zidana eta ez nuena aipatzen, umeei aurkezten zaizkien lanbideen zerrendan ez delako azaltzen, nahiz eta astronauta bezalako ogibide xumeak eta denontzako eskuragarriak ageri diren.

Autopistako ordainlekuetako langileak miresten nituen nik. «Oso bereziak izan behar dute», pentsatzen nuen, «errepidearen erdian jarritako kabina futuristetan lanpostu bat lortzeko, eta beraien eskutan egoteko nork segi dezakeen bidaia eta nork ez». Beraien eragiketetarako bizkortasunak ere harritzen ninduen, bi segundoan kalkulatzen zuten itzuli beharreko txanpon kopurua. «Euskal Herri osoko jendea ikusiko dute, gainera; Goenkaleko aktoreak ere bai! Eta zelan iristen ote dira egunero beraien postura, oinez errepide ertzetik? Hor ez daukate aparkatzeko lekurik!».

Hainbeste sinpatia transmititzen zidaten, amari erregutzen niola uzteko niri txartela eta dirua ematen atzeko eserlekutik. Denboraldi batean nire Sugusak oparitzen nizkien txanponekin batera, agian ez zituzten jan ere egingo, ziur aski dudatan, umeek ez dutelako ezezagunen gozokirik onartu behar, baina ezezagunek umeenik? Ez dago arau sozialetan jasota. Behin, Zarautzera bidean, txartel zuriarekin jolasean ari nintzela, ihes egin zidan leihotik. Eternoa egin zitzaidan ordainlekura arteko ibilbidea, zelan azaldu orain langileari txartela galdu dudala? Orain ibilbide luzeena egitera behartuko gaitu eta Bilbotik hasi beharko dugu, eta agur gure egun-pasa Getarian! Gerora ulertu nuen ibilbide luzeena ordaintzea dela zigorra, ez egitea. Langilea oso jatorra izan zen eta barre egin zuen, ez zigun errietarik egin.

Gau batean, hau ere gogoan dut, Itziarko ordainlekuko emakumeari izugarrizko sustoa eman nion, bera gidariaren leihatila noiz zabalduko zain zegoen bitartean, nik txartela atzeko leihatilatik atera niolako kolpera. Labana bat edo pistola bat zela pentsatuko zuen agian, eta oihu egin zuen. Gero denok hasi ginen barrezka, baina hor konturatu nintzen langile hark beldurra sentitzen zuela gauetan, eta zalantza geratu zitzaidan, ea noizbait benetako susto bat eman ziotelako egin zuen oihu gurekin ere.

Jada ez dut Sugusik autoan, eta gidabaimena dut mediku tituluaren faltan. Berezia —eta garestia— da oraindik ordainlekuko langileen hesipetik pasatzea. Pertsona bati zure kotxeko mikromundura sartzen uztea zazpi segundoz, musikaren bolumena jaistea—zure intimitate osoa ere deskubritu ez dezan—, eta neurriz kanpoko poza sentitzea euskalduna eta jatorra izan bada.

Langileentzako omenaldi txiki bat da hau, hemendik aurrera gure arteko anekdotak nabarmen gutxituko baitira. Ezin dut hain prezio altuko joan-etorriak ordaintzen segi, eta bidesariak merkatzeko beste inolako saiakerarik iristen ez denez, ViaT-a eskatu dut —piii—, ahal den neurrian nire gastua txikitzeko. Txarto sentitzen naiz. Geroz eta mundu hotzago bat osatzera behartzen gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.