Agurraren lezioa da ikasten zailenetakoa. Horretarako ahazten jakin behar baita. Orbainak ere desagertuko direlakoan, iragana ezabatzen ahalegintzen gara askotan. Ibili ditugun bideak ezkutatzen. Isiltzen. Atzera ez begiratzen. Baina puskak biltzea eta maletak egitea ariketa gordina da beti, baita etxera itzultzeko edo hobera egiteko denean ere. Itzultzen dena ez baita inoiz joan zen hura izaten.
Noizbait loratu ondoren hostoak sustraietara itzultzen direla dio adiskide batek, eta antzekoa da maletak egitea ere. Berriro hasierara itzultzea. Berriro hastea. Amaitzen dena bidaia luzea izan daiteke, harreman bat, kartzelaldia, uda, oporrak... edozer, eta bere baitan dakar berriro beste nonbait ibiltzen hastearen beldurra eta ilusioa. Indar sortzailea. Berriro loratzeko, ordea, ezinbestekoa da denbora. Banbu japoniarraren antzera, sustraiak sendo garatzea luzaro, isilpean, gero noizbait eder hazteko ostera.
Berriro hasteak eta hazteak ez dute ezinbestean ahaztea eskatzen. Hartutako erabaki guztien batura garenez, aurreko bizitzetan egindako akatsak ongarri eta ikasgai onak dira. Ezabatzen baditugu, harri beretsuetan egingo dugu estropezu. Handitasuna ez omen da inoiz ez erortzea, behar den guztietan berriz jaikitzea baizik. Zaurietatik ikastea eta orbainak lorontzi bihurtzea.
Ez dakit zertara datorren hau guztia. Abuztua Kalaportun igaro ondoren hemendik alde egiteko eguna da gaur. Besterik ez. Baina azken postala idazten hasi, atarian arropekin eta oroitzapenekin betetako maletak ikusi, eta geltokirako bideari ekin aurretik agurraren lezioa kateatu zait hitzetan. Ez da ezer. Ahaztu. Udazken koloretan bilduta helduko da ohartzerako iraila. Irakurtzeko eta kafea hartzeko egunak amaituko dira. Basamortura itzuliko dira uda gure herrietan eman duten haur sahararrak. Ikasturte berria hasiko da. Hango eta hemengo mugetan itoko dira etorkinak. Kartzelan eta erbestean jarraituko dute lagunek. Beste emakume bat hilko dute bihar. Haurrak eskolara eramango ditugu. Irribarre egingo dugu eguzki bila ateratako sugandilak ikustean. Sarebideetan izango dugu elkarren berri aurrerantzean. Baina azken postal hau postariari eman aurretik, kopia egin, botila batean sartu eta munduko itsasoetan barrena bidaliko dugu. Badaezpada.
KALAPORTUTIK
Orbainak lorontzi bihurtzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu