'Omnia sunt communia'

2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Beldurra, lagun txarra. Alarma egoerarekin, ordea, pertsonen zirkulazio askatasuna ukatzeaz gain, beldurra dekretuz ezarri digute. Gaixotzeari beldurra diogu, maite ditugunak kutsatzeari, etxetik ateratzeari, egoera ekonomikoak okerrera egiteari, etorkizunari, bizitzeari...Eta, ikarak airean gauden honetan, osasun publikoa babesteko ardura kolektiboa eskatzen zaigu; etxean gera zaitez lelopean, birusa ez zabaltzearen eta, ondorioz, zainketa intentsiboetako kolapsoa ekiditearen erantzukizuna jendarteari egozten zaio. Ahaztu egiten zaie, ordea, eguneko gaixotuen, sendatuen eta hildakoen zenbaketarekin batera, azken urteetan osasungintzan egindako murrizketen gaineko datuak aipatzea: ospitaleetan zenbat ohe gutxiago dagoen, zenbat sendagile kaleratu dituzten edo zenbat ikertzaile erbestera joan behar izan diren, hemen etorkizunik ez zutelako.

Pandemia, agian, ezin zitekeen eragotzi, baina bultzatutako politika ekonomikoak, zerbitzu publikoen hondamendia eta pribatizazioak, bai. Horiek ekarri dituzten ondorio latzak ez ziren halabeharrezkoak. Hortaz, erantzukizun kolektiboaren eskaerarekin, ados; baina gogoan izanda nortzuk izan diren egoera larri honetara ekarri gaituztenak eta nork salbatu gaituen. Diotena diotela, inoiz baino isun gehiago ezarri duten garai honetan, jendarteak azaldutako elkartasuna eta osasun neurriak betetzeko irmotasuna ezinbestekoak izan dira errealitate gordina leuntze aldera: auzoz auzo sortutako babes sareak, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko bizilagunen engaiamendua edo lehenengo lerroan egon diren osasun langileak, garbitzaileak, supermerkatuko kutxazainak, zaintza lanez arduratzen direnak, batik bat emakumezkoak... Finean, ezinbestekotzat jo diren jarduera horiei esker atera gara aurrera, nahiz eta, paradoxikoki, sistema honek okerren ordaintzen dituenak diren. Bizitzeko funtsezkoak diren lan horiek gizarteari egiten dioten ekarpena IBEX 35eko enpresena baino handiagoa da. Izan ere, ogasunak hiru aldiz gehiago jasotzen du lan errentetatik kapitalaren etekinetatik baino. Hortaz, esan beharrik ez dago nori ordainarazi nahiko dioten, neurri sozialez mozorroturik, banku eta enpresetara bideratzen ari diren diru pubikoaren faktura.

Alarma egoera aitzakia perfektua izan da diru kutxa publikoa, beste behin, husteko, eta, bide batez, larrialdi honek eragindako beldurraz baliatuz, oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak ere berrogeialdian jarri dituzte. Herriak, orokorrean, izan duen erantzun egokia ikusita, beharrezkoa al zen armadak gure kaleak okupatzea edo poliziak epaile bilakatzea? Zer zentzu dauka osasunerako arriskurik eragiten ez duten jokabideak jazartzeak, existitzen ez diren ustezko arauetan oinarrituta?

Alarma egoerak areagotu duen kontrol polizialak eta sozialak, pertsonen askatasuna mugatzeaz gain, boterearen zentralizazioa ekarri du, gutxi batzuen mesedetan, eta ez gehienonean. Demokrazia bera jarri da kolokan, aintzat hartu gabe hura justizia sozialean, ongizatea ahalbidetuko duten zerbitzu publikoetan eta giza eskubideetan oinarritzen dela; egoera latzetan inoiz baino gehiago. Beraz, ardura kolektiboaren izenean, omnia sunt communia!, dena denona dela aldarrika dezagun, gure lanetik eta bizitzatik etekinak ateratzen dituzten horiek herriari herriari dagokiona itzultzeko, etorkizunari itxaropenez aurre egiteko. Beldurrik gabe bizitzea baita askatasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.