andoni egana
Plazatik

Olinpiar Jokoak

2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Zizeronek idatzia utzi zuen: Olinpian garaile zenak erromatar armadako buruzagirik irabazleenek baino ohore handiagoa izaten zuen. Eta kasu zehatz bat ere aipatzen zen: Diagorasen seme Dorieo, espartarrekin borrokan ari zela atxilotu egin zuten atenastarrek, baina aske utzi zuten segituan, Olinpiar Jokoetan hiru aldiz segidan garaile izan zelako.

Datozen pare bat astean telebistari begirik kendu gabe nagoenean, horrelako daturen batzuk ekarri beharko ditut gogora, ez nagoela erotuta, loari eta bestelakoei ordu batzuk kentzea merezi duela eta lau urtez behingo kirol sukarraldia sentitzen ez naizela ez lehena eta ez bakarra neure buruari sinestarazteko. Olinpiar Jokoek badute zerbait, sevillar batek duendetzat edo izendatuko lukeena. Bizitzaldia neur daiteke Olinpiar Jokoen arabera.

Nik gogoan ditudan lehenengoak Munichekoak dira. Hamaika urte nituen orduan. Eta gogoan dut, egunkarietako lehen orrietako berriek eragin egin zidatela. Palestinarren atentatua israeldarren aurka. Ez nuen ongi ulertzen zer, nork, nori eta zergatik, baina kirolaz gaindiko zerbait bazen han. Gainera, Olinpiar Joko haien ostean gure kaleak lehen aldiz plastikozko kirol-poltsaz bete ziren —MUNICH 72 ziotenak—, langileek otordua eramateko edo ikasleok auskalo zertarako erabiltzen genituenak. Olinpiar jokoak ez ziren jada urrutietan jokatzen ziren zerbait. Ikusi eta ukitu genitzakeen.

Aintzinagoko kontuak oroitzapenen zakuan baino mitoenean dauzkat gordeak. Jesse Owens izan nahi nuke Berlinen beltzen harrotasun duina ukabila batera bilduz. Edo Berlinera iritsi ez zen oriotar bat, Sarasuatarren aitona, arraunerako sailkatu, abiatu Alemania aldera eta Bartzelonan etxerako buelta hartu behar izan zuena Gerra Zibila piztu berri zelako. Izan nahi nuke Zatopek, estilo baldarrez agoniari aurre egin eta helmuga beti buruan zeharkatuz. Edo Abebe Bikila Erromako kaleetan gauez lasterka…

Moskukoak ez ditut oso gogoan, hemeretzi urterekin izaten baita udaldian zereginik etxeko egongelatik kanpora ere. Baina gogoan dut Estatu Batuarrek boikota burutu zutela eta adiskiderik hurbilekoenek jaramon egin zietela, Olinpiar Jokoak kirolaz gaindiko zerbait zirela erakutsiz beste behin ere. Los Angeleskoak Madrilen ikusi nituen, aingerutxoz inguratua, Koartel militar bateko hertsitasun itogarrian, espainiarren aldeko oihu sutsuen artean. Eta Bartzelonakoak izan ziren segur aski, Espainiaren egungo krisialdi handiaren lehen harria, puztu egin baitzen dena. Sinetsi egin baitzuten gizarajoek modernoak zirela, egin eta egin segiz gero etekinak seguru zirela. Atlantakoek berriz berripaper honen adin nagusitasuna ekarri ziguten. Komunio txikia egiteko adina urte ez zituen Euskaldunon Egunkariak baina lehen aldiz propio bidali zuten Imanol Murua Uria itsasoaz bestaldera Olinpiar Jokoen jarraipena egitera…

Mundualdia neurtzeko edo gogoetarako mugarri dira niretzat Olinpiar Jokoak. Lerro hauek idazten ari naizen unetik argia ikusi bitartekoan hasera ekitaldia ospatuko dute Londresen. Horrexek esaten dit gutxien. Argi, itxafero, ehunka pertsonako koreografiak, suzia eskuz esku eta azken eroalea jainkotua, konexioak munduko bazter guztietara, kirolariak desfilean auskalo ze arropa diseinatzailek egindako jantziekin… Ni beste alderdiak erakarri izan nau beti. Giza-emakumeen temak eta trebetasunak. Lau urteko ahaleginak. Norbere mugak non dauden miatu nahi horrek. Lurretik ia bi metro eta erdira dagoen listoia ukitu gabe gainditzen dutelarik sentitzen dudan haur miresmenak.

Atseden hartuko dut hilabetez, besteak beste, miresmen hori hobeto gozatu ahal izateko. Izan dezala zuentzat ere hilabete honek halako duende berezi bat. Zer den hori?Pasadizo batekin argituko dizuet. Ba omen zebilen Sevillan turista talde bat gida baten atzetik. Eta gidak azalpenak ematen zituen joandako lekuetan. «Honako hau Trianako zubia da eta badu duende berezi bat». «Zer da duende-a? « galdetu zion turista batek, baina gidak ez entzunarena egin, eta aurrera jo zuen. «Honako hau Maestranza deritzan zezen-plaza da. Sekulako duende-a du». «Zer da duende-a?» galdetu zion berriz turistak. Ezentzunarena egin zion berriz ere gidak eta aurrera segi. Laugarren aldian «zer da duendea?» galdetu zionean ezin izan zuen ordea, isildu. «Badakizu zer den hormigonera bat?». Turista harrituak baiezkoa erantzun zion. «Ba duende-a da… juxtu kontrako zerbait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.