Olatuak, eta nolakoak, Herrira-ren aurkako operazioarekin hasi ziren. Orain gehiago datoz. Iraganeko irudiak ikusiko ditugu bihartik Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Bihar 40 lagun eseriko dira aulkian Segikoak izatea leporatuta, eta ostegunean beste 40 herriko tabernen auzian. ETArik gabeko aroan zigorrik gabe —edo kartzelara joan beharrik ez izateko moduko zigor apalekin— aterako zirela pentsatu beharko genuke, baina bi urteotako eskarmentuak juxtu kontrakoa pentsarazten du.
Herrira-ren aurkakoaz joan den astean askok esandakoa berretsi du orain EPPK-k berak: «EPPKren ildo politikoan eragin asmo dute, hausnarketa zabala aurrera daramagunean eta ondorioak plazaratzeko tenorean». Ondorioak plazaratzekotan dira, beraz. Irtenbide indibidualak baina erabaki kolektiboen ondorioz, hori izan omen daiteke filosofia berria. Horra eslogan berriaren ifrentzua: presoak tantaz tanta ateratzea onestea.
ETAk hitz egiteko tenorean beharko luke. Aspaldi esan zuen, uztailean, Foro Sozialaren gomendioei erantzungo ziela. Pribatuan erantzutea erabaki ez badu behintzat, oraindik ez du iritzirik eman Foroak desarmeaz —nazioarteko eragile independenteen laguntzaz egitura militarrak desegiteko prozesua diseinatzea— eta presoez —«itzultze prozesua» era mailakatuan eta banaka egitea, konponbide integralaren barruan— proposatutakoaz. Iritsiko da hori ere.
Estrasburgotik aurki heltzekoa omen den erabakiak olaturen bat eragin du dagoeneko. Zurrumurru guztiek baino esanahi handiagoa izan dezake Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak, Grande Marlaska buru dela, Kepa Markez presoari 197/2006 doktrina ez ezartzea erabaki izanak. Lehen tanta besterik ez, ondo bidean. Estrasburgok doktrina deusezten badu, bukatu dira helegiteak eta aitzakiak: 50 preso inguru kalean utzi beharko dituzte. Gobernua ere saiatuko da tantaz tanta filosofia bere egiten, denak batera ez askatzen.
Denek ondo neurtu beharko dute jokaleku berrian nola mugitu. Madrilen agintea dutenak Mayor Oreja zaleei, biktimen elkarteei eta hedabide eskuindarrenei begirik kendu gabe arituko dira. Bizitza erdia kartzelan egin dutenei harrera beroa egin nahi dietenek, aldiz, fiskalen, epaileen eta polizien beldurrez aritu beharko dute, are gehiago Herrira-ko operazioarekin presoen eta beren eskubideen aldeko ekimen oro kriminalizatu dituztenean. Kontu bereziarekin aritu beharko dute Sortuko buruzagiek, legez kanporatzearen mehatxua gainean dutela badakitenez.
Kriminalizazio arriskua ez da kontuan hartzeko faktore bakarra. Hor dago ETAren biktimekiko begirunea ere. Kartzelatik datorrenari harrera egiten diona kartzelatik datorrenaren ekintzak txalotzen ari dela ulertu dezake ekintza haien biktimak, eta horrek biktimaren mina areagotu egin dezake. Errealitate minbera hori ere kontuan hartuta jokatu beharko dute denek, biktima guztien minarekiko enpatia adierazpenek sinesgarritasuna izango badute.
Beste faktore bat. Hemengo PPkoek elkarrizketa pribatuetan diote espetxe politikan pauso batzuk, xumeak badira ere, emateko prest leudekeela horretarako giro aproposa izanez gero. Eta giro ez aproposaren adibide gisa jartzen dute Josu Uribetxeberriaren askatzearen ostekoa: oraindik ordaintzen ari omen dira Espainian eragindako eskandalua, eta neurri batean horrexek azaltzen duela Madrilen inmobilismo erabatekoa. Ezin dena sinetsi, noski, PPren gobernuak orain arte erakutsi baitu, giroa edozein delarik ere, pauso bakarra emateko prestutasunik ez duela, baina dudarik ez da Parot doktrina baliogabetu osteko mugimenduek eta giroak baldintzatu egingo duela, neurri batean, (bake?) prozesuaren etorkizun hurbila.
Eutsi ondo lemari, olatu handiak datoz eta.
Handik eta hemendik
Olatuak datoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu