Goiatz Labandibar.
MELE

Oilasko lumatuak

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nire herriko plazan bada Killirikupe (Killikupe herri hizkeran) izeneko eraikin bat. Hiru solairu ditu eta bakoitzean, etxebizitza bat. Dotore-dotorea da, udaletxeari begira-begira, batere inbidiarik gabe. Izkina batean, harrian zizelkatutako Ama Birjina bat dauka, azpitik pasatzen dena bedeinkatzeko edo. Eskailera estu eta bihurri xamar batzuetatik igotzen da etxeetako sarrerara. Arkupe polit bat ere badu eta aterpea ematen dio haurrei jolaserako, astelehenetako azokari eta trago bat hartzen dutenei. Arkupean bertan duela urte batzuetatik itxita dagoen kiosko bat dago. Umetan, igandetako paga hantxe jasotzen nuen: erregaliz gorri bat.

Eraikina eraikitzaile batena da. Ahalik eta merkeen eraiki eta ahalik eta garestien saltzeko momentu perfektuaren zain egongo dira, gure herriko urrezko milian baita. Horixe da eta gure etxebizitza politika. Bitartean, teilatu puskak erortzen zaizkio Killirikuperi.

Kontua da uda honetan arkuperako sarrera estali dutela eta norbaitek pintada aldarrikatzailea egin du: Kiyikupe askatu!

Euskara batua finkatzen ari zirenean, 60. hamarkadaren bukaeran Arantzazu ederrean, hatxearen erabilera izan omen zen gatazka iturri handienetarikoa. Euskara batuan idatzi behar al da hatxe, bai edo ez? Baietz erabaki zuten eta bada dionik hortxe irabazi zuela euskarak etorkizuna.

Azken boladan, geroz eta gehiago sumatzen dut yeismo gehiegizko bat euskaraz ari garenean. Oilasko lumatuak oyasko bihurtuak. Eta pentsatzen dut: utz iezaiozue i grekoari libre izaten. Ez ezazue zuen ezpainetan preso izan. Ele bikoitzak (-il/ll) eskertuko dizue. Eta euskarak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.