Oholtza propio bat

Ines Osinaga.
2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Azkenaldian dezentetan tokatu zait gai honen bueltan jardutea. Eskerrak, hartara duela urte batzuk esandakoak kontraesateko aukera izan dut eta. Hemerotekan bilatuz gero, ziur topatuko duzuela nire ahotik «emakume izateagatik ez naiz inoiz baztertua sentitu» edo «ez daukat neure burua feministatzat; beste borroka batzuei aurpegia eta ahotsa jartzeko hautua egin dut: adibidez, presoen gaiari».

Ai ene! Eskerrak malguak garen, eskerrak ordutik zerbait irakurri dugun eta, batez ere, eskerrak zalantzei. Eskerrak betaurrekoak jantzi, graduatu, eta kontzientzia feminista hartu dugun. Eskerrak Emarocken kolektiboki pentsatzen hasi eta pertsonala politikoa da esloganaz haratago zertaz ari zen ulertu genuen. Eskerrak Zuloak non ditugun aitortu diogun geure buruei. Eskerrak klase kontzientzia hartu genuen. Eta eskerrak zapalkuntzek zeharkatzen gaituztela konturatu ginen. Alegia, eskerrak feminismoari. Zeren, kamaradak, feminismoa ikasi egiten da, matematikak bezala. Eta larrutan bezala, hobe konpainia onean.

Beraz, berriz Emakumeak eta Musika izeneko mahai inguru baterako gonbita jasotzen dudanean, behingoz armairutik atera, konplexuak alde batera utzi eta Matxismoa Euskal Rokanrrolean dei diezaioten eskatuko dut. Ez dugu gehiago eztabaidatu nahi ea Euskal Herriko musika eszenan matxismorik ba ote dagoen, ea emakume izateagatik desberdin tratatu izan gaituzten, ea gehiago epaitu izan gaituzten, ea gure gorputzak hipersexualizatuak izan ote diren, ea kamerinoaren ilunpean inoiz beldurrik sentitu ote dugun, ea inoiz erasorik jasan dugun... Noski baietz! Kamaradak, aitor dezagun: Bai. Euskadin rokanrrola matxiruloa da!

Ez dago matxismo gogorra eta matxismo biguna. Matxismoa da guztia. Zeren, kamaradak, begiraiozu zure herriko gaztetxeko kontzertu agendari, begiratu herriko festetako kontzertuei, hartu festibal handietako kartelak eta ikusi ea zenbat eme dauden kartelean, eta zenbat ar...

Ez, ez dugu onartzen «kasualitatea da» erantzun moduan. Ezta «agian izango da ez dutelako nahi» ere. Ez, kamaradak, ez da hori. Ea behingoz argi geratzen zaigun guztioi: nahi dugu, prest gaude, ahal dugu, gai gara. Baina ez daukagu lekurik.

Espazio kontua da. Irudikatu hamar lagun oholtza gainean. Hamar horietatik zortzi gizonezkoak, eta bi emakume. Berdintasuna nahi badugu, oholtza hori parekideagoa izatea nahi badugu, zortzi gizonezkoetatik hiru oholtzatik jeitsi eta hiru emakumerentzako lekua utzi behar dute. Orduan erabakiko dugu ea igo nahi dugun ala ez. Pribilegioen kontua hemen ere, kamarada.Zuek utziguzue tokia plazan. Gainontzekoa, gure kontu. Ez zaitezte beste ezertaz arduratu.

Badugu zer kantatu, zer dantzatu. Badugu ahotsa, diskurtsoa, gorputza. Baditugu kantak, baditugu estribiloak. Onak eta txarrak, politak eta zatarrak, luzeak eta motzak. Denetarikoak dauzkagu. Tokia da behar duguna.

Ez dugu ez baimenik ez barkamenik eskatuko. Plaza gurea ere bada.

Eta ez, ezin dugu ahaztu Euskal Herrian gaudela. Euskaratik eta euskaraz ateratzen ditugula gure gorputzak plazara.Zeren eta gauza bat da musikari izatea. Beste bat, musikari izatea Euskal Herrian. Eta beste bat, oso diferentea, emakume musikari izatea Euskal Herrian. Agertokia da gure territorio libre bakarra.

Orain, imagina ezazu zure auzoko festetako kontzertua, agenda, udako festibal handia... imajina ezazu nolako eszena nahi dugun. Eta orain galdeiozu zeure buruari: nola lor dezakegu hori?

Ez daukat zalantzarik. Euskadin rokanrrola feminista izango da, ala ez da izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.