Katixa Dolhare-Zaldunbide.

Ohiko ipuinen garaikidetzeaz

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan, ohiko ipuinak behin baino gehiagotan berridatziak izan dira. Ipuin edo mito berridazketa ez da berez gaitzesgarria; are gehiago, testu mota horren funtsezko ezaugarria da: betidanik egin da, eta ezagun diren bertsio zaharrenak ere aitzinagoko batzuen aldaerak baino ez dira. Hainbat ikertzailek erakutsi du, adibidez, Txanogorritxoren istorioaren idatzizko iturria aurki daitekeela XVII. mendeko Perrault frantsesa eta XIX. mendeko Grimm anaia alemanen testuak baino lehenago; hain zuzen ere, XI. mendeko Egbert apez belgikarraren obran edo bi ipuin txinatarretan. Perrault eta Grimmen ondotik ere Txanogorritxoren ipuina etengabe aldatua, berridatzia edo parodiatua izatea fenomeno literario normaltzat hartzekoa da, beraz. Kezkagarriagoak iruditzen zaizkit printzipio, balio edo ideologia garaikide batzuengatik ohiko ipuinak zentsuratu nahi izatea. Azken hamarkadan, horrelakoak gertatu dira batez ere bi arrazoirengatik: ipuin horiek bortitzegiak litezke alde batetik; sexistak bestaldetik. Ondorioz, arrunt ezegokiak lirateke haurrendako. Ene iritziz, deusek ez dezake zentsura justifika, eta kasu honetan, bi argudio horiek onartezinak agertzen zaizkit. Ipuinak bortitzak direla? Eta nola! Perraulten bertsioan, otsoak Txanogorritxo hiltzen eta jaten du. Bizkitartean, psikologoek frogatua dute ipuinetako bortizkeria hori interes pedagogiko handikoa dela, anitzez bortitzagoa den errealitateari hobeki presta dezaten beren burua haur ttipiek. Alderantziz, umeei mundu ezti ideala erakustea hezkuntza bortitzaren aukera egitea liteke, gisa horretan haurrak harrapakin malguak bilaka bailitezke eskrupulurik gabeko gizartean.

Ipuinak sexistak direla? Segur baietz, errazki froga daiteke hori. Emazteak gizonen menpeko agertzen dira, sorgin, histeriko ala printzesa zozo gisa... Nik gustura ikusten ditut berridazketa feministaknahiz eta ez naizen segur rolen trukaketa automatikoak emazteen faboretan diren—. Baina ezin dut onartu azken hilabeteetan gertatu direnak, alegia liburutegietatik kentzea ohiko ipuinak, haurren hezkuntzari kalte egingo diotelakoan. Ezin da, ene ustez, betaurreko moreekin bakarrik epaitu literatura guzia: postura kritiko bat da, biziki interesgarria, baina ez dezakeena iragana izan den bezalakoa ezkutatu. Ipuin zaharrak sutara igortzea baino, hobe liteke haurrei istorio beraren bertsio ezberdinak kontatzea, eta erakustea nola kultura, hizkuntza, historia, geografia diferenteen eraginez sortzen diren sinboloak eta irakaspen pragmatikoak. Txanogorritxoren adibidearekin jarraituz, zergatik ez umeei kontatu ere, ohiko bertsioez gain, herrialde musulmanetako berridazketak, kolore ezberdinetako kaputxadunenak, aldaera feministak... Garrantzitsuena da irakurketa bakoitzaren ondotik hartzaile gaztearekin solastatzea; ezen, azken finean, istorioak aurkeztuak eta iruzkinduak izanen zaizkionaren arabera du barneratuko haien sinbolismoa haurrak, eta bere interpretazio propioa eratuko. Hots, kultura zabal eta fina eskainiz, literatura fenomeno transbertsal, transhistoriko, transgeneriko eta unibertsal gisa presentatuz, haurraren zentzu on eta kritikoa garatuko da, eta helduon betebeharra besterik ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.