Gure amamak, Julia Gezalak, berarekin eraman zituen gerra osteko istorio eta oroitzapenak azkeneraino. Pauko komentu batean Valentxu ahizpa bikiarekin pasatako itxialdia, Antonio, bere aita, Berlin eta Paris artean tren bagoi bateko lasto fardoetan ezkutatuta zihoan bitartean. Berriz elkartuko ote ziren jakin gabe. Frankistengandik ihesi lehenengo, naziengandik gero. Faxismoak ostu zien haurtzaroa. Ostu zizkien senideak eta lagunak, erauzi zien etxea eta banandu zituen bere iragan bizitzatik.
Tia Valentxuri berriz alzheimerrak itzali zizkion oroipenak. Suitzako gaixoentzako egoitza batean. Bertan igaro zituen azken egunak. Sorterriko abestiak izan ziren ahaztu zuen azkena.
Lurrikara gisa definitu zituen Stefan Zweig-ek XX. mendean izandako guda zantar haiek Iraganeko mundua. Europar baten Memoriak liburu ederrean.
Nola diren gauzak. Irudiok geroz eta lausoagoak dira. Gaizki errebelatutako argazkiak nola, desegiten doaz belaunaldiz belaunaldi. Zirriborro, edo are, orban huts bihurtzeraino. Oroitzapenak desagertu egiten direlako oroitzen dituen pertsonarekin batera. Kontakizunaren txatal izatera igarotzeko.
Amama, Tia Valentxu eta haien kontakizuna etorri zait gogora aste honetan diru publikoz finantzatutako Centro Memorial de las Victimas del Terrorismo fundazioak 1968an ETAk hildako Meliton Manzanas torturatzailea eta Gestaporen kolaboratzailea txio batean oroitu duela ikustean. Paradoxikoki, Gasteizko erdigunean palazio bat duen fundazioa da ahanzturaren oroigarri behinena. Edo nahiago baduzu, beste monumentu bat irabazleei eta haien kontakizunari.
Memoria, partziala, sinplifikatua eta injustua da definizioz. Memoria ez da kabitzen instagrameko edo tuiterreko argitalpenetan. Memoria ez da kabitzen liburu, pelikula edo telesail batean. Ezta palazio madarikatu batean ere. Batzuetan memoria odolean eramaten da. Besteetan, ordea, odolaren memoria baino ez da.