Obulu bat norena da?

2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Aldiro, unibertsitateko fakultateetako iragarki tauletan, ikasle gazteak bere obuluen dohaintza egitera gonbidatzen dituzten iragarkiak agertzen zaizkigu. Gonbidapen mezuek emakumeen arteko elkartasunera deitzen dute, soberan daukaten, eta erabiliko ez duten, euren parte bat beste emakume baten zorionaren mesedetan erabili ahal izango dena. Ez da ekonomikoa iragarki horiek darabilten erakargarri nagusia, ordainsaria badagoen arren, baizik eta ama izatearen zoriontasuna beste bati oparitzearen atsegina.

Ez da kasualitatea iragarki horien helburua unibertsitarioak izatea: ez bakarrik, oro har, emakume gazte, osasuntsu eta bizibalditza onetakoak direlako, ez bakarrik ordansaria akuilagarri nahikoa izan daitekeelako gurasoen sostenguaz gain lan prekarioetako alternatiba bakarra duten horientzako, ez bakarrik haiengan gazteriaren altruismo propioa topatzeko ustea dagoelako. Guzti horretaz gain ere —eta hau klinikek oso kontuan duten elementua da—, goi mailako ikasketak egiten ari diren emakumeak ulermen nahikoa dute obuluak lortzeko prozedura konplexua jarraitu zein bukatzeko. Izan ere, obuluak lortzeko prozedura gogorra da eta elkarlaguntzarena bada mezua, beste aldean duguna, ordea, eraginkortasunaren printzipioa da: klinikek dohaintza prozesu bakoitzean emandako denboraren eta teknologiaren errentagarritasunari begiratzen diote. Dohale bat aukeratzerakoan, klinikak ziur egon behar du hautagaiak prozesua bukaeraraino eraman ahal izango duela, eta, gainera, ziklo bakoitzaren etekina ahal den handiena izateko jarraibideak behar bezala jarraituko dituela.

Estatu espainiarrean eta obuluen dohaintza baimentzen duten Estatu europar gehienetan obuluen dohaintza anonimoa da. Horrek esan nahi du dohaleak ez dakielabere gorputzetik ez zenbatobulu lortu diren, ez eta obulu horien etorkizuna. Christine Delphy soziologo frantsesak dio gametoen dohaintzaren anonimatoa odolaren dohaintza anonimoaren ereduari jarraituz eraiki dela. Baina obulua eta odola material biologikoa izaki biek ala biek, ez dira, ordea, berdinak: batek pertsona osatu egiten du; besteak, pertsona bat sortzeko gaitasuna dauka. Baina behin dohaintza prozesuan sartuta, gametoa material genetiko hutsa bilakatzen da, manipulatuz gain merkantilizatu daitekeena. Eta dohaleak bere material genetiko horren erabileran ez du hitzik, beste batzuen eskuetan geratuko baita.

Azkenaldian sarri hitz egin da haurdunaldi subrogatuak deitu direnen inguruan, eta gai inportantea dela dudarik ez dago. Baina harritzekoa iruditzen zait eztabaida hori ugalketa teknologiaren barnean ematen den dohaintzaren eztabaidatik kanpo egitea. Haurdunaldi subrogatuetan emakumea ontzi huts moduan erabiltzearen argudioa aipatzen da prozedura horren aurka agertzen direnen artean. Aldekoen artean, berriz, altruismoa eta elkarlaguntzaren argudiora jotzen da, obuluen kasuan egiten den modu antzekoan. Obuluen dohaintza eta haurdunaldi subrogatuen arteko paralelismoak ez dira gutxi, bietan ugalketa gaitasunen dohaintzaz ari baikara, nahiz eta bigarrenak lehenengoak baino gehiago aztoratzen gaituen,eta pentsatu beharko genuke zergatik. Biak ala biak, ugalketa eskubideen birpentsatze orokor baten baitan ikusi beharko liratekeelakoan nago: zein eskubide eduki behar ditu dohaleak bere dohaintzan eskainitako gaitasun erreproduktiboen gainean? Dohaintzaren anonimatoak noren alde jokatzen du ? Dohaintzak sortutakoaren gaineko erabateko desbinkulazioa suposatu behar du? Eduki behar al du ugalketa dohaleak hitzik bere gaitasun erreproduktiboen erabileraren gainean? Zein leku eduki beharko luke eta zein paper eta zer harreman prozesuko beste agenteekin? Planteatzen zaizkigun galderak askotarikoak dira eta erantzun egokiak topatzeko jokoan dauden guztien ikuspuntua kontuan hartzekoa izan beharko litzateke: medikuak,gurasoak, tratamentuetatik jaiotakoak, juristak etabaita berengaitasun biologikoak beste batzuen proiektuerreproduktiboa gauzatzearen alde jarri dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.