Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Nire herriko jaiak

2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Gaur Lizarrako jaien azken eguna da. Agur esan beharko diogu, beraz, hurrengo urtera arte (espero dezagun), txistuari, dantzari, trikitiari. Agur berbena, entzierroak, txarangak. Aio arropa zuria, zapi gorria, kalean gora, kalean behera. Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, zazpi egunetan zehar musikaz eta dantzaz bete da Egako hiria. Agur! Hau da hau tristura. Gaur umore txarrez jaiki naiz. Ez besten amaierarengatik, baizik eta Lizarran, zoritxarrez, hainbat emakumek salatu baitute ziztadak sufritu izana. Ez dago argi zein den fenomeno honen jatorria. Kontua da gizarte bezala beldur bat sortu dela, eta momentuz entzun dudan konponbide bakarra da neska gazteak bakarrik kaletik ez joatea.

Niri beste konponbide bat okurritzen zait. Ez da, noski, jendaurrean esango nukeen zerbait: gauez gizonak etxean geratzea, emakumeek besta lasai jarrai dezaten. Ideia ona da, benetan eraginkorra. Gehiegi dirudi, baina ez da bidezkoa gizonei inongo erantzukizunik ez eskatzea, emakumeei askatasuna murrizten diegun bitartean. Izan ere, emakumeen gorputzak eztabaidagai dira beti. Gizonenak, ordea, inoiz ez. Badakit: ez dira gizon guztiak ziztaden errudunak. Ez dira gizon guztiak indarkeria matxistaren erantzuleak. Ez dira gizon guztiak. Not all men. Baina, halabeharrez, oraindik ez dut entzun gizon bat ere ziztatu egin dutenik.

Aldi berean, aipagarria da jaien antolakuntzaz arduratzen diren udalak ez direla lotsatzen kontzertuen egitarauan ia bakarrik artista gizonak kontratatzen dituztenean. Non daude emakumeak? Ez daude artista femenino nahikorik? Izan daiteke. Baina gure herriko jaien eszenatokietan ez badago emakumeen (edo pertsona LGTBI-en) errepresentaziorik, hor behean ikusle bezala gauden emakume eta pertsona transmaribibolloek jasotzen duguna da erabateko bakardade-sentsazioa. Susmo txarra. Sistema hau gu ez garen beste norbaiten alde dago. Gure herriko jaietako kontzertuetan gizon zisheteroen kexei koruak egiten dizkiegu. Baina zertaz kexatzen dira gizon zishetero horiek guztiak? Nola sortu ditzakete hamaika rock talde desberdin? Zergatik daude beti haserre? Bitartean, guk eszenatokiaren azpian jarraituko dugu, emakumeak emakume izateagatik erasotzen eta ziztatzen dituzten munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.