Goiatz Labandibar.
MELE

Nik jai eta hik lan

2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Agian bestondoarekin hasi duzu igandea. Edo prestatzen ari zara bazkari herrikoirako ogia erostea egokitu zaiolako zuen kuadrillari edo txosna feministan txanda duzu ordu gutxi barru.

Edo agian ez.

Agian, onartu behar dugu gure herriko festak beste gisa batekoak izatea nahi dugula. Ez dugula nahi ekintzarik antolatu ezta lan-txandarik egin (berdin zait, toka txapelketa aurkezten den, sokatiran parte hartu dutenei afaria zerbitzatzen edo herriko haurrei bi hilabete lehenagotik danborra jotzen irakasten).

Noiz hasi zen aldaketa? Txosnan txanda egiteagatik zenbat kobratzen den galdetu zuen lehenengoarekin edo Kuadrillen Eguneko bazkariko mahaiak eta aulkiak jasotzen ez dituenarekin, hamabost euro ordaindu dituelako txartela? Eragileen kantinei TicketBai eskatu behar zaiela erabaki zutenekin edo haurren krossean parte hartzeko gurasoek baimenak sinaraztea adostu zutenekin?

Ez pentsa iragan diren denbora denak hobeak direla pentsatzen duten erromantiko horietako bat naizenik. «Gure gurasoek soldata bakarrarekin hipoteka ordaindu, sei lagun bizi eta aurrezten zuten» dioten horiei galdera asko egingo nizkieke.

Baionako festetara sartzeko ordaindu egin dute aurten. Udalek festen antolakuntza lizitatu eta eskaintza merkeena egiten duen enpresak antolatuko dituen etorkizun ez urrunegi bat imajinatzea ez zait horren zaila egiten. Hori bai, txosnagunea eta herri bazkariren bat antolatuta bolondresak diruditen langileekin. Kamiseta aldarrikapendun batzuk jantzi, eta kito. Esango diegu kubatak fuerte samarrak prestatzeko, errealitate ukitu bat izateko.

Eta halaxe... Nik jai eta hik... ere bai.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.