Txerra Rodriguez.
MELE

Ni, neu eta neroni

2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Ni, ni eta ni. Ni naiz liderra, tartan azukrea botatzen duena, ni naiz neure buruaren komertzialik onena, autobonboaren jaun eta jabe. Ni naiz zure burukoa ohera joaten zarenean, ni naiz zure eredu, zure gidaria. Txakurra duzula diozu, nik ñu bat dut. Nik ez dut lagunik, bakarrik zale eta hooliganak. Ni naiz urdaiazpiko ogitartekoa txangoan. Katedratikoa naiz, doktorea naiz eta dotore. Aholkuak ematen disfrutatzen dut eta, kasurik egin ezean, goitik behera larrutuko zaitut.

Ni naiz Eneko Atxaren irakasle, ahateei igeri egiten irakatsi ziena eta zakilarekin urrunen txiza egiten duena. Maialen Lujanbiori potoak eragiten dizkiona, Fermin Muguruzari musika berriak deskubritzen dizkiona eta Joane Somarribaren entrenatzaile. Handiustea naiz, harroputza eta harroxkoa. Koinatuetan koinatuena. Itziar Ituñoren antzerki irakasle, kolektibo gutxituei lezioak ematearen zale eta Egunean Behingo talde guztien buru.

Ni naiz zure muskulurako zikloa, ni naiz hondartzarik exotikoenetan bainatu dena eta oporrik zoragarrienak izan dituena. Ni naiz gauza guztietan jakitun, eta berritzaileena. Bideo-jokoetako trikimailu guztien jabe eta inprobisazioan errege. Buruzagia naiz, nagusia naiz, ugazaba naiz (eta agian ugazabandrea ere bai). Jai ororen pregoilari eta zartaginean tefloia. Beste inor baino garrantzitsuagoa naiz, nire txizarekin markatzen ditut munduko lurralde guztiak. Hegan egiten dut hegalik gabe, deabruari zergak kobratzen dizkiot eta nahi dudanarekin oheratzen naiz. Eta zeharkakotasun berba erabiltzen dut. Ni, neu eta neroni.

(FRAC taldearen kantu baten moldaketa librea, nitasunaren gaixotasunari buruz).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.