martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ness lakuko piztia Londresen

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ostera jarri du independentziaren auzia Erresuma Batuko agenda politikoan Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek. Keinu dezente egin ditu azken urteotan, ia ezertan geratu ez direnak.

Badirudi orain abiatu duen kanpaina dela behin betikoa. COVID-19aren pandemiaren urterik gogorrenak atzean utzita —zaila dago herritarrei eskatzea egoera horretan independentziaz ere kezka daitezela—, ilusioa sortu nahi du eskoziarren artean, 2014ko urrian egin zuten erreferendumaren bigarren bertsiora bildu daitezen.

Orduko hartan, David Cameron zen Erresuma Batuko lehen ministroa, eta, seguru egonda ezezkoak erraz irabaziko zuela, onetsi egin zuen Westminsterreko Legebiltzarrak erreferenduma onartzea eta, hori gutxi balitz bezala, Eskoziako Gobernuari —Alex Salmond buru— ematea galdeketa antolatzeko ardura.

Salmondek, ikusita baiezkoak zaila edukiko zuela irabaztea, galdeketan hiru aukera sartzea proposatu zion Cameroni negoziazioetan: orain arte bezala segitu, ahalik eta autonomia handiena baina Erresuma Batuaren barruan, eta independentzia. Cameronek atzera bota zuen Salmonden proposamena, eta 'independentzia bai/ez' formula edukiko zuen galdeketa inposatu zuen.

Erreferendumaren aurreko asteetan baiezkoaren aukera goraka zioala ohartuta, promesa politikoak egiten hasi zen Cameron, larritasunak estututa.

Ezezkoak irabazi zuen, %54rekin, eta Cameronek onartu zuen bere bizitza politikoan egindako okerrik handiena izan zela galdeketari bidea ematea. Eskoziako lehen ministroak esan berri du orain egoera hobean ikusten duela Eskozia 2014an baino.

Boris Johnson dago Downing Streeten, eta galdetu dioten bakoitzean esan du ez duela inolaz ere onartuko beste erreferendum bat Eskozian. Sturgeonen lanik zailena izango da, herritarrak konbentzitzearekin batera, bide legal bat topatzea Londresen baimenik gabe ere galdeketa benetakoa egiteko.

Ness lakuko piztia aireratu da berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.