Lutxo Egia.
TRANSITOAK

Nekea

2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Martxan jarri baino lehen, amaiezin egingo zitzaidala ohartarazi zidaten performancearen berri zuten gehienek, zama handia nozituko nuela, pena bihurtuko zela, holandar alderrai eta Cantervilleko mamu bilakatuko nintzela. Martxan jarritakoan ere aletu didate kontu bera askok. Eutsi ere ez diodala egingo, batek baino gehiagok. Eta apustu egin duenik ere bada. Orduan, neure buruari onartu diot beharbada ikusten ez dudan zerbait ikusten dutela haiek.

Hamahirugarren eguna. Dagoeneko hasia naiz nekea sumatzen, baina ez neurea, hurbileko zenbaitena baizik. Kasu bakan batzuetan aitortutakoa da. Kanpoan bizi diren arreba eta anaia nagusia, adibidez, gustura ari dira nirekin ezohiko hizkuntza batean, baina ama irrikan dago lehengo komunikazio maila berreskuratzeko. Joan den astean, kanpoan zebilela, niri barik auzokide bati eskatu zion afera domestiko bat konpontzeko. Ez da nire hizkuntz gaitasun berriekin fido.

Baina ezin aitortuzko nekea ere bada. Eta berdin da jakitea ala ez zertan nabilen. Bost egunetan hiru bider joan naiz anbulatorioko harrera-lekura. Lehendabizikoan harridura sumatu nion harreragileari; bigarrenean, egoeraren konprenitze egokia; eta hirugarrenean, akidura. Noski, gertuagoko pertsona batzuen artean ere nabaritu dut hizkuntz talka nola edo hala saihesteko gogo eutsiezina. Ez da sekula hitzetan hezurmamitzen, era askotako ihes ttikietan baizik. Nintzen espainieraduna itzultzeko desio aitorrezina.

Ni neu, ostera, gero eta gusturago nabil oraingo hizkuntz-tipologian. Konforme nago; kasik modu beldurgarri batean jarrai nezake honelaxe luzaro, asfaltoan azala mudatu berri duen narrasti baten antzo edo, askoz hobe, Enrique Vila-Matas idazlearen pertsonaia bat lez, atzera begiratu gabe, hirian ustekabeko bihurguneetan barrena.

@'Transitoak' blogeko gainerako sarrerak irakurtzeko, jo hona:

www.berria.eus/blogariak/transitoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.