Europako Batasuneko buruzagiak elkartuta daude, 2021-2027rako aurrekontuak adosteko asmotan edo. Besteak beste, nekazaritzara bideratzen den diru laguntza dago auzitan: eustea ala gutxitzea. Europako zenbait tokitan nekazariak altxatzen hasiak dira, protestekin. Laguntzek etorkizuna baldintza dezakete, baina batez ere laguntzak nola planteatzen diren, alegia banaketa horietan erabiltzen diren irizpideak efikazak eta zuzenak diren da hizpide.
Protesta egiteko, nekazariek aipatu dituzten arrazoiak guztiz zuzenak dira. Salneurri merkeak ezartzen zaizkie, baina euren ekoizpenerako kostuak garestiak dira; are garestiago, ekoizpen ekologikoa lehenetsi behar bada. Gainera, Europar Batasunaz beste herrialdeetako salgaien lehia gogorra dago, eta azkenik, Europako Batasuneko diru-laguntzen gutxitzeko mehatxua dago. Aldarrikapen zuzenak Europako Batasuneko Itunei erreparatuz gero. Izan ere, Europako Ekonomia Komunitatearen jatorrizko Itunak (eta indarrean dagoen EBko Funtzionamendu Itunak), bere 38 (4) artikuluan nekazaritzako salgaietarako estatu-kideen arteko nekazaritza —eta arrantza— politika erkidea, komuna edo bateratua ezartzen du. 39. artikuluak politika honen helburuak finkatzen ditu, alegia, produktibitatea gehitzea, nekazaritzako ekoizpena zentzuz garatzea, eskulana egoki erabiltzen dela bermatuz, nekazariei bizitza maila egokia bermatzea (errenta gehituz), salgaien merkatuak egonkortzea kontsumitzaileei zentzuzko prezioetan hornituz. Hori guztia lortu behar da hiru gako kontuan hartuz: nekazaritza jarduera ekonomiko berezia dela (gizarte-egituragatik eta eskualdeen desorekagatik), estatu-kideen ekonomiarekin estuki lotuta dagoena eta egokitzapenak pausoka egin behar direla. Nola lortu, ordea, helburu hauen arteko oreka?
Hastapenetan nekazaritza-salgaien hornidura egonkortzea helburu nagusia zen, eta, horregatik, ekoizpena bultzatzen zen, sortutako guztia prezio egonkorretan ordainduko zela ziurtatuz. Horretarako, kanpoko produktuen sarrera kontrolatu egiten zen, muga-zerga bereziak aplikatuz, inportazioak garestitu nahian, eta soberakinak esportazio gisa bultzatuz. Honek abusuak ekarri zituen, kontsumitu zitekeen baino askoz ere gehiago ekoitzi zelako salneurri bermatuan, merkatu-logikatik salbu, eta horrela sortu ziren euroeszeptikoek erabilitako klixe gogaikarriak: «gari muinoak», «esne aintzirak», edo olibondo birtualen iruzurra (hektareaz ordainduta). Nekazaritza alor zabaletako lur-jaberik garrantzitsuenek oso onura handiak lortu zituzten, nekazari xumeen kaltetan. Nekazaritza politika zuzendu nahian-edo, kasu batzuetan beste muturrera igaro zen: nekazariei ez ekoizteagatik konpentsatu egingo zieten, baina nekazaritza guneetan bestelako betekizun eko-sistemikoak betetzearen truke. Ordainketa zuzenak nekazariei egingo zitzaizkien kasu batzuetan. Nekazaritza politikaren epe berria zabaldu zen, landa garapenaren ikuspegiarekin batera. Orain epe berrira pasatu behar da, alegia nekazaritza politika klimaren aldaketaren aurkako borrokakide izatea.
Europako Komunitateen aurrekontuen bi herenera iritsi zen nekazaritza politika (%75a 1984 urtean), baina 1990. urtetik landa gutxituz joan da, etengabe, eta heren batean dago egun (%36,1a edo %40 landa garapenerako funtsa gehitzen bada). Brexit-arekin Erresuma Batuak nekazaritza politikari ekartzen zizkion 75.000 milioi euroak sei-urteko honetan galduko direnez, murrizketa ezinbestekoa egin da. Mozketa 50.000 milioikoa izan daiteke. Estatu-kide batzuek nekazaritza subentzioen diru-ekarleak dira eta beste batzuk diru-hartzaileak eta nekez adostuko dute ezer. Dirulaguntzak modu batean edo bestean diseinatzeak bere garrantzia du, aurreko eskarmentuak erakusten digunez: lur jabe handiak lagundu ala nekazariak banan-banan lagundu bizimodu atera dezaten. Beharbada, oinarrizko errenta europarraren eztabaidak nekazariekin hasi beharko luke.
Nekazarien nekeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu