Alex Gurrutxaga Muxika.
EUSKARA BATUAK 50 URTE

Nekazaleak eta erradikalak

2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Euskara batuak mende erdiko bidea eginda, pentsatzen hasia nintzen gehienok bat egingo genuela Axularren ideia harekin: alegia, euskarak egoera jakin batean komunikatzeko balio ez badigu, arazoa ez dela euskararena, hiztunona baizik. Azkenaldian, ordea, ez daukat hain garbi nire inguruan halakorik uste ote duten. Adibide xume bezain —nire ustez— esanguratsu bat: Urliak ekonomiari dagokion zeozer El Correo-n gaztelaniaz irakurri eta ulertzen ez badu, hala esaten du: «ez dut ulertzen»; testua BERRIAkoa bada, berriz, esaldia beste bat izan daiteke: «ez da ulertzen». Anekdotikoa beharbada, baina uste dut hari horri tiraka hainbat eztabaidagai atera litezkeela. Bihoaz gogoetatxo bi lerro okerrotan.

Lehen ideiak hizkuntzaren baitara narama. Badakigu euskara etengabe birsortzen ari dela; hizkuntza guztiak bezala, jakina, baina gaztetasunaren neke eta zalantzekin. Oraindik egokitzen ari gara esparru askotako hizkera —kazetaritzan, kimikan, ostalaritzan, etab.—, eta euskaldun askok egunero hartu behar izaten ditu erabaki linguistikoak, hizkuntza handietako jendeak hartu behar izaten ez dituenak. Akademian, adibidez, kontua bere onera ekarri beharra dago: euskara baldartzen ari gara —horko «burutu» eta «aurrera eraman» eta mokoilo zatar—, jariorik gabeko hizkera egiten, eta gaztelaniaren zimurrak zupatzen ez dakit zer jasokeriaren izenean. Badago, beraz, hizkuntzaren baitako alor zabal bat, jende askok urte luzez landu eta ongarritua, eta alor hori nekatzen jarraitu behar dugu, hala nola nekazariek lurra.

Bigarren gogoetarekin hizkuntzatik kanpo noa, beste kontu bat baita —nahiz eta lotua egon— hizkuntzak daukan erreferentzialtasuna. Oraindik ere jende askok uste du ingelesa munduan zabaldu bada, haren berezko erraztasunari esker dela. Ikuspegi inuxentea, hizkuntzalariek defendatzen ez dutena, baina hala ere askok sinetsia. Zergatik? Nik ez dut zalantzarik: ingelesek politika eraginkor eta gogorrak eduki dituztelako —hizkuntzarekin ere—. Hortik sortzen da erreferentzialtasuna. Geografiarekin konparatuko nuke: adiskide zenbaitek harri eta zur begiratzen dit esaten badut Lausanara (Suitza) noala autoz —haraino!—, nahiz eta haiek urtero Cadizera (Espainia) furgonetaz joan —hortxe bertara—. Hori da erreferentzialtasuna, errealitatea modu batera edo bestera ikusarazteko indarra; eta horixe da, besteak beste, guk ez daukaguna, ezta hizkuntzarekin ere.

Gorka Arreseri entzun diogu kultur politiketan «epel eta apal» daramatzagula hemen urte asko. Konforme nago, eta koxka bat estutuko nuke kontua. Hemen, izan ere, neurri erradikalak hartu izan dira eta hartzen dira, baina ez preseski elebidunon egoera normaltzeko. Esaterako, nork erabaki du ETB1eko albistegiek ETB2koen erdia iraun dezaketela? Audientziak, esango dit agintari tontolistoak. Baina nola nahi dugu audientzia irauli, halako erabaki erradikalekin? Eta beste hamaika adibide emango genuke...

...nork erabakitzen du EHUn funtzionario elebakarrek lan egin dezaketela? Zuek, hori gerta dadin neurriak hartzen dituzuenok, erradikalak zarete. Diputazioak inbaditu dituzuen politikari elebakarrok, prentsaurreko txikietan euskaraz egitea saihesten duzuenok hutsaren hurrengoa delako euskalduntasunari ematen diozuen balioa, zuek erradikalak zarete. Eta zuek, udaletan euskal kultur jarduerei kupo bat jartzen diozuenak «gauza horiek» interesatzen zaizkien lau gizarajoek bake santua eman dezaten, erradikalak zuek. Eta Gaztea irratiak euskal gazteria musika anglosaxoi komertzialarekin bonbardatu behar duela erabaki duzuenok, irrati publikoa euskal musikaren leiho izan beharrean tximuentzako pentsu izatera eraman nahi duzuenok, zuei nork ordaintzen dizue erabaki erradikal horiek hartzeko?...

Azken batean, euskara erreminta eraginkor izan dadin, jende asko ari da, nekazale asko, egunero, alor hori lantzen. Baina hizkuntzaren baitako arazoez haratago, erakundeek, erabakiak hartzen dituzuenok ere badaukazue zer landua. Euskararen eta euskal pentsamenduaren erreferentzialtasuna ez dizkigu ez Pedrok ez MTVk oparituko, ezta hamaika bider amen egiten badiezue ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.