Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

NBEk, Puigdemonti arrazoi

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Kataluniako alderdiek erabaki dute udal hauteskundeetarako kanpainan ezkutuan uztea independentzia prozesuaren inguruko erreferentzia guztiak. Prozesua, ordea, indarrez sartu da kanpainan: batetik, Tsunamiari buruzko sumarioak sekretua izateari utzi diolako, eta, bestetik, eta batez ere, NBEk ebazpen garrantzitsua eman duelako Puigdemont presidentearen eskubide politikoei buruz, zeinak Espainiak urratu baitzituen 2018an.

Denboran, lehenik zera etorri da: Tsunami Demokratikoari buruzko pieza sekretu ospetsuari sekretua kentzea. Eta ikerketa urte batzuen ondoren, kontua da Guardia Zibilak ez duela ezertxo ere aurkitu; boto kutxarik ere ez zuen aurkitu; hortaz, ez da oso harrigarria. Dakigun horren inguruan, berriz, gauza bakarra esan daiteke, ez dagoela kasurik, ezdutela modurik inori erantzukizun penalik egozteko. Baina horrek ez du eragotzi pertsona multzo nabarmen batek —besteak beste, Xavier Vendrellek, Oriol Solerrek eta Josep Alayk— zenbait egoera jasan behar izatea: prentsa filtrazio askotarikoak eta, are, ikerketa horren ondorioz egindako atxiloketak. Pegasus softwarea barra-barra erabilita ere, ez dute lortu inor inplikatzeko moduko ezer.

Eta handik ordu gutxira jakin zen NBEko Giza Eskubideen Batzordearen ebazpenaren berri: Espainiako Estatua kondenatzen du, Puigdemonten eskubide politikoak urratzeagatik 155. artikuluaren hauteskundeen ondoren. Gogoan izango duzue, Martxelo eta Maria, Ciudadanosek irabazi zituela 155. artikuluaren hauteskundeak, 36 diputatu lortuta, baina talde independentistek zeukatela gehiengo osoa —Juntseko 34 diputatu, Esquerrako 32 eta CUPeko lau—, Kataluniako Parlamentuak berriro Puigdemont hautatzea planteatzeraino. Hala ere, ezin izan zuten berriro hautatu, zenbait arrazoirengatik; besteak beste, Espainiako agintari judizialek diputatu aulkia kendu ziotelako Puigdemonti. Hori «demokraziaren muinaren kontrakotzat» jo du orain NBEk, irizpen gogor batean.

Espainia irizpen hori ezagutaraztera kondenatu du NBEk, eta 180 egunen buruan zenbait neurri hartzera, aurrerantzean halako egoerarik berriro gerta ez dadin; izan ere, egiaztatua dute Espainiak Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 25. artikulua urratu duela.

Begien bistakoa da ez dagoela atzera egiteko modurik, baina nazioarteak Espainiari eman berri dion makilakadak sakondu baino ez du egiten haren ospe galera, babesa ematen dio Puigdemont presidenteari estradizio mehatxuei dagokienez, eta sendotu egiten ditu katalanen independentismoaren arrazoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.