Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nazionalismoa PPren galga

2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent: aste hau, oraindik ere, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako emaitzen balantzeak egiteko astea izan da. Hauteskunde hauek utzi duten panoramak, berriro ere, agerian jarri du zein den estaturik gabeko nazioen berezko dinamika. Nazionalismoa gauza izan zen PPren tsunamia gelditzeko. Galizian, PP estatuko batezbestekoa baino 4 puntu gutxiago igo zen; PSOE beste 2,4 puntu jaitsi zen; BNG, berriz, 4,4 puntu igo zen. Eta, eserlekuen kopuruari dagokionez, BNGk %29,4 gehiago lortu zituen, eta PPk %8,1 gehiago; PSOEk, berriz, %15,6 gutxiago. Podemosen, IUren eta mareen inguruan metaturiko eremu politiko guztia ia ezerezean geratu zen, eta Compostelan eta Ferrolen baino ez zion eutsi ordezkaritzari: Compostelan bost eserlekutik bira jaitsi ziren, eta Ferrolen, hirutik batera.

Alde batera utzirik zer-nolakoa izango den gobernuen argazkia, nazionalismoa eta ezkerra dira nagusi hauteskunde espazio urbanoan. Hiriek bizkarra eman zioten PPri, zeina—Ferrolen izan ezik eta gorakada orokortua gorabehera— babesik batu ezinean baitabil aginte maila eskuratzearren. Compostela izan zen hauteskunde igandeko ezusteko handia, emakumezko batek jardungo baitu lehenengo aldiz alkate, Goretti Sanmartin nazionalistak hain zuzen, bi eserlekutik seira pasatuta. Diputazioei dagokienez, PPk buelta ematea lortu zuen Pontevedran, gehiengo absolutua eskuratuta; Lugon eta Coruñan, ordea, PSdeG eta BNG alderdiek gobernatuko dute aurrerantzean ere. Ikuskizun dago zer gertatuko den Ourenseko Diputazioan, zuzeneko lotura izango baitu hiriko gobernuaren osaerarekin.

Emaitzak estatuko hauteskundeetara eta Galiziakoetara estrapolatuz gero, eta jakinik ere hiru hauteskundeetako dinamikak oso desberdinak direla, estatukoetan BNG eserleku batetik laura pasatuko litzateke, PP hamar eserlekutik 11ra, eta PSOE hamarretik zortzira jaitsiko litzateke. Galiziakoetan, berriz, PPk ez luke lortuko gehiengo absolutua, eta PSOEk eta BNGk bereganatuko lukete herritar gehienen babesa.

Ultraespainolismoari dagokionez, zeinak Galizian ez baitu ordezkaritzarik parlamentuan —estatuan kasu bakarra da—, Voxek Galiziako 313 udalerrietatik 35etan aurkeztu zituen hautagaitzak, eta boto guztien %1,4 lortu zituen, baita, lehenengo aldiz, emakumezko zinegotzi bat ere. Errazago ulertuko duzue non izan den esaten badizuet: Avion-en, O Ribeiro eskualdean; hain justu, udalerri horretan dago aberatsik eta luxuzko autorik gehien biztanleko, eta, udan, galiziar sustraiko mexikar enpresari handiak ibiltzen dira han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.