Prekarioa: egonkortasun edo iraupen txikikoa, titulurik gabe bereganatzen dena, mailegu gisa eta jabearen borondatearen arabera.
Lehenik, enplegu galera izan zen, langabezia; gero, kontratazioen eta lan baldintzen hondatzea. Nafarroan, 125.600 pertsona daude langabezian (potentzialki aktibo diren biztanleen %40), edo aldi baterako nahiz lanaldi partzialeko kontratupean. Langabezia sariak %50entzat iristen dira. Langabeziak gehiago eragiten die gazteei eta emakumeei.
2015eko 340.000 kontratuetatik, %95 aldi baterakoak izan ziren, asko eta asko astebete baino gutxiagokoak; aldi baterakotasun kateatua. Sektore publikoan, %30,1 dira aldi baterakoak, eta sektore hori negatiboki da eredugarri. Lanaldi partzialeko, mugagabeko eta aldi baterakoen kontratazioak 51.700 pertsonari eragiten die. Eta horrek ere ez dio utzi igotzeari: urtean %10 baino gehiago.
Emakume aurpegia du, haiek bereganatzen baitituzte kontratazio modalitate horien %80. Gizarteratzeko errentak, lanbide arteko gutxieneko soldataren %100-150 bitarteko kopuruan 28.800 pertsona onuradun ditu, eta horietatik 10.820 adingabeak dira. Pobrezia egoera larriei bakarrik eragiten die, baina kanpoan uzten ditu bitarteko eremuak, enplegurik gabekoak edo azpienplegudunak; kalteberenak, beraz. Ez du erakartzen eskubiderik, egoera batzuk arindu bakarrik. Datu soilak dira, begiak ixten ez baldin baditugu alferrikakoak. Ezkutatu egiten dituzte pertsonak, etorkizuneko joera batzuk, eta gizarte eredu berez nazkagarri bat, zeinean bizitzeak nazka eman beharko bailiguke, norberari zein neurritan eragiten digun gorabehera. Kapitalismoa harrapatua dago berak sortu dituen dinamiketan, inolako balaztarik jartzeko edo berriro planteatzeko gaitasunik ez duela, eta kolapso formaren baterantz bulkaturik.
Lan prekaritatea ez da behin-behinekotasun soila. Behin-behineko langileen eta langile finkoen arteko soldata aldea, berriz, %35 dela kalkulatu dute; lan baldintzek, ezbeharrek... are emaitza larriagoak izango lituzkete antzeko konparazio bat eginez gero. Baina, horrez gainera, den-dena zipriztintzen du, eta guztioi eragiten digu: langilerik finkoenek bereganaturiko eskubideak ez dira kaltegabeak, eta are gutxiago izango dira, prekaritatea hedatu eta kroniko bihurtu ahala. Prekaritateak berdin eragiten dio etxebizitzari, elikadurari, pobrezia energetikoari, hezkuntzari... bizitza guztiari.
Sindikatuek horren inguruan duten diskurtsoa ere ez da batere sendoa. Eskuarki, hazkundearen eta hark dakarren enplegu sorreraren ingurukoa izan ohi da; oso gertu dago diskurtso arruntetik. Menderakuntza areagotzeko forma bat da prekaritatea, eta, azkenean, ezinezko ere bihurtuko du sindikalismoa. Egin al liteke bestelako diskurtsorik? Errealitate bakar bat izendatzeko bi forma dira sistema ekonomikoa eta gizarte eredua. Baina gizarte ereduak bere barruan hartzen gaitu, eta, are, sistema ekonomikoan sarrarazten. Barruan hartze horrek zabaldu egin beharko gintuzke bestelako jardunbide batzuetara, horien bidez balaztatzeko gai izan gaitezen, kapitalismoa ez bezala; eta horrek gizarte eredu lasaiago batera bideratuko gintuzke berriro, gizarte horizontal eta gertuago batera, zeinean premiak betetzeko ekoitziko baita, zeinean oinarrizkoak izango baitu lehentasuna beharrezkoa ez den horren aldean, bai eta banaketak ere hazkundearen aldean. Gaur egungo egoeraren aurkako oposizioak ez badio eragiten gure bizitza osoari, ez da izango benetako oposizio bat.
Nafarroako prekaritatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu