Ñabarduren politika eta Auzitegi Gorena

2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Jendartearen zatiketa soziopolitikoa eragozteko ezintasuna erakutsi du AEBetako sistemak. Iritzi sortzaile askok errua Donald Trump presidenteari botatzen diote, aditzera emanez Joe Bidenek irabaziz gero dena itzuliko dela normaltasunera. Baina Trump sintoma da, ez gaixotasuna.

AEBetako demokratizazioa, etorkin olatu desberdinen naturalizazioa eta politika neoliberalen ondorioak dira azkeneko hamarkadetako iparramerikar politikaren zentrifugazioaren zergatia. Prozesu hau 2008ko krisi ekonomikoak eta AEBen dekadentzia hegemonikoak azkartu dute.

Gabriel A. Almond politologoak azaltzen zuen AEBetako egonkortasun demokratikoaren arrakasta posible zela lehia testuinguru soziopolitiko homogeneo batean garatzen zelako, distantzia ideologiko handirik gabe eta interes politiko desberdinen agregazioekin. Errealitatea da —Steven Levitsky eta Daniel Ziblatt politologoek How Democracies Die liburuan (2018) azaltzen duten moduan—, hori posible izan dela, besteak beste, sufragioa mugatua egon delako, bereziki hegoaldeko afro-amerikarrentzat.

1965eko Boto Eskubide Legearekin,AEBak demokrazia liberal batek eduki beharreko minimoetara gerturatu ziren. Halere, boto-emaileak oraindik erregistratu egin behar dira, eta hau burutzea ez da pentsa daitekeen bezain erraza beti; batez ere, 2013an Auzitegi Gorenak erabaki zuenetik estatuek hauteskunde-errolden erregulazioak baimen federalik gabe egin zitzaketela. Une horretatik aurrera, zenbait estatutan baldintza baztertzaile gehiago jarri dira erregistratu ahal izateko.

Behin erregistratuta eta botoa eman ondoren, kontuan hartu behar da hauteskunde-emaitzek politika publikoetan eragin nahiko mugatua dutela. AEBetako sistemak —George Tsebelis politologoak Veto players liburuan (2002) azaltzen duen bezala—, statu quo-a pribilegiatzen du. Ordezkarien ganberaren, Senatuaren, presidentearen, Auzitegi Gorenaren eta federazioko estatuen artean pisu eta kontrapisuen joko bat dago, eta horrek asko zailtzen du epe motz eta ertainean funtsezko aldaketak egitea politikan; horrek aspektu materialetan ñabarduren politiketara garamatza nagusiki.

Ikuspegi sinbolikotik, Trump eta Biden oso antzekoak dira: 70 urtetik gorako gizon zuriak, aberatsak, eta sexu-abusuei buruzko akusazio formal eta informalak izan dituzte. Ustezko ustelkerian eta aberasteko karguen erabileran Biden ikasle aurreratua da. Trumpek arraza tentsioak areagotzen ditu. Bidenek baditu adierazpen eta egintza politiko arrazistak edota afro-amerikarrak kaltetzen dituenak, baina irabaziko balu giroa epelduko luke zuzentasun politikoa zainduz.

Aspektu materialez hitz egiten badugu, hiru diferentzia aipatuko nituzke ñabardura terminotan: Bidenek gastu soziala handitu eta zergak igoko lituzke; Trumpek protekzionismo ekonomikorako neurriekin jarraituko luke interes ekonomiko nazionalen mesedetan; eta, Bidenek irabaziko balu, kanpo esku-hartze eta gerra gehiago espero genezake.

Halere, jokoan dagoen elementurik inportanteena Auzitegi Gorena da. Biziarteko karguak dituzten bederatzi epailek osatzen dute, presidenteak izendatuak. Eta Auzitegi Gorenak alderdiek erregulatu nahi edota ezin dituzten gaiak erregulatzen bukatzen du. Adibidez, 2015ean sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu zituen AEB osoan.

Trumpek bere lehenengo agintaldian hiru magistratu izendatu ahal izan ditu. Ondorioa da sei magistratu kontserbadore eta hiru progresista daudela. Hurrengo agintaldian magistratu zaharrena hilko balitz (progresista) eta Trumpek egingo balu izendapena, urte askotarako mugatuak egongo lirateke politika aurrerakoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.