Joan den larunbatean Baionan eta Bilbon iragan diren manifestaldiek, gatazkaren konponbiderako garatu behar dugun prozesuan, euskal presoen etxeratzeari bide emateak duen garrantzia mahai gaineratu genuen. Etsipenari hordagoa eginez, indar eta animo handiarekin erantzun genion milaka jendeok, Sare eta Bagoazen deialdiari, Euskal Presoak euskal herriratzearen alde, gatazkari konponbidea ematearen alde, Lorentxa Guimon eta larriki eri diren presoen askatzea agintzeko eta Frantses eta Espainiar estatuek hauen arduren aintzinean jartzeko.
Ipar Euskal Herrian, sustenguak zabalduz joan dira, orain arte sekula lortu ez den sindikatu ezberdinen babes zabala lortu du Sare eta Bagoazen deialdiak. 200 hautetsitik gora juntatu dira manifestaldiaren deialdira, Les Républicains-etatikezker abertzalera, diputatu sozialista ala Modem-eko Lurralde kontseilariekin batera. Ipar Euskal Herriko herri nagusietako auzapezen gehiengoak ere babesa eskaini zion manifestaldiari.
Irudi azkarra eskaini zigun larunbateko manifestaldiak, Etxerat-eko ordezkariak, EPPK eta EIPKren ordezkariak, alderdi guztietako auzapez ala hautetsiak, denak banderolari lotu zirelarik. Denek, aho batez Taubira andereak bere hitzak egia bihurtu ditzan irmoki galdetuz. Hego Euskal Herrian berriz, ETAko biktima ala epaile, bake prozesuaren garapenerako euskal presoeneskubideen errespetuaren alde azaldu ziren.
Milaka jende mugitu duen manifestaldi horrek, lau urtez hainbat eragilek Iparraldean Hegoaldean bezala, eraman den sentsibilizazio eta mobilizazio sustatzearen emaitza da eta oinarri gero eta sendoago bat ematen du, sektorez sektore.
200 hautetsitik gora manifestaldiari eta Baionako Deklarazioari sustengua eman eta, goazen adierazpen horri bide ematera eta gero eta hautetsi gehiagorekin bake prozesu horren erronkak barneratzera. Ipar Euskal Herriko hautetsiek zioten bezala «gaur egun estatuek mantentzen duten jarrera onartezina da,bakoitzakgure ardurak hartu eta erantzukizunez jokatu behar dugu». Hautetsien gogoeta garatzeko eta edukinez segitzen betetzeko aukera eta ardura dugu.
Hari berean, goazen salbuespeneko neurriekin bukatzera, zuzenbide arloan terrorismoaren aurkako gudan oinarritua den sistema juridikotik, konponbidean kokatua legokeen justiziara joan gaitezen. Jurista eta zuzenbide irakasleek Sorbonan eramanen duten bake prozesuen baitan eraikitzen ahal diren mekanismo juridikoen inguruko gogoeta, lehen pauso inportantea da. Hortik, Euskal Herriko gatazka konponbidea aztergai ukanen duen Euskal Herriko eta Frantziako juristaz osatua izanen den talde bat sortuko dela esperantza dugu.
Eragile sozial, politiko eta sindikalen sustengua handitzen eta zabaltzen den heinean, gogoetarako eta mobilizazio elkarguneak segi ditzagun sortzen eta garatzen.
Sareren trenean sartuz ala Bagoazen ideia kutxari lotuz, garen herritar xume, eragile, ala langile, senide ala hautetsi, errepresaliatu ala epaile, ginen milaka hauek segi dezagun gure bozen entzunarazten.
Iraganeko kateak askatzea, hemendik eta denen ekarpen eta indarren bermatzetik dator soilik, horretan dugu denek erantzukizuna.
«Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan ikusiko dek/n nola nola laster eroriko dan!».
Mugi ditzagun harriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu