Iñigo Aranbarri.

Mozkor-txanoa

2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

Ez genuen Euskadi ohiko hitza garai hartan. Euskaraz, grafiak grafia, Euskal Herria erabiltzen genuen, eta hala zen galtzaileentzat, irabazleentzat zein unaisimonzaleentzat, izan gaia politikoa, kulturala edo gastronomikoa.

Euskadik beste itzal bat zuen. Nahi ezta ere, derrotaren txingarrekin lotzen gintuen. Euzkadi zaharra eguneratua, egokiagoa zen deiadar egiteko eta, jakina, ez zetorren sekula bakarrik. Gora zekarren aurretik, eta askatuta ondoren maizenik, edo sozialista, edo gorria, edo batua… Konposizioaren arabera laguntzen zen sutsuago bata edo bestea, edo txistu-hotsez isilarazten.

Etortzeko zegoena zen Euskadi. Horixe adierazi gogo zuen Daniel Landartek (esan dezagun garbi, ez Azkoititik, ez Lekeitiotik) eta nahinon zabaldu Errobik: Euskal Herria ez da ez hilen/ baina Euskadi sortuko/gero sekula nehork ez deusek/ez baitu hiltzen ahalko. Errealitatea zen bata; etortzeko zegoena bestea, amets handienen lurraldea: “ta zuzen den bezala/klase gabeko gizarte bat”.

Gero, hazkurria behar eta, autonomiaren makinariak ebatsi zituen hitzak eta ametsak. Bultzaka, jendea lekutu zen Euskaditik. Birigarroenek lelo korporatibotzat hartu zuten. Eta inor mindu ez zedin, askatuta ere inausi zitzaion, mozkor-txano bihurtu arte.

Galda horrexek berotuta amaitu zuen ostegunean Gasteizko Legebiltzarrean Anduezak mintzaldia, eta usadioak akuilatuta eman arrapostu Tejeriak mahaitik. Marx anaien kamarotea osatzeko, “baina zer esan du, askatuta?” atera zen Kortajarena, ez dakit zergatik, gazteleraz.

Errobiren ahairera itzuli naiz. Gero sekula nehork ez deusek… baina nola ez dute hilko, amets egiteko ahalmena ere ebatsi bazaigu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.