Oier Aranzabal.
ELE

Mokokada batez

2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Kaio arre handi batek gaizki begiratzen dit goizero ogiaren bila noanean. Aiako herriko sarreran dagoen soro batean paratzen da, oraindik larra umel eta ogia bero dagoenean, eta itxaroten du pazient ni iritsi arte, begirada zorrotza nigan jartzeko. Arrangura nabari dut bere bisaian.

2020ko abuztua arraroa izaten ari da, bai.

Irratiak okaztatu ditu turismoaren aurtengo datu txarrak. Ehuneko hainbat gutxiago hau, ehuneko hainbat gutxiago bestea. Eta ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek manifestazio deialdia egin dutela larunbaterako Bilbon. Ez da festarako tenorea. Baina koronabirusa gustura dabil egunkarietako grafikoetan gora eta behera; nola lantokietan, hala tabernetako terrazetan eta hondartzan, xukaderatik xukaderara. Positiboek nabarmen egin dute gora, eta geroz eta gehiago dira ospitaleratuak. Kontuak ez du batere itxura onik.

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak jendeari egozten dio egoeraren ardura. «Jendea betebeharretatik ihes egiten saiatu da», dio Arantza Tapiak. Eta gogoangarria da, halaber, Iñigo Urkullu lehendakariak Facebook bidez bota zigun sermoia, gaztelania hutsean. Biak ala biak diagnostiko kirurgikoak, alajaina. Bitartean, Osatzen lehen mailako arretako medikuen elkarteak salatu du gaindituta daudela eta ez dela agindu zitzaien errefortzurik iritsi. Behar baino %25-50 langile gutxiagorekin ari direla lanean, eta eskaerak gora egin arren, baliabideek behera egin dutela.

Ez dakit fiskalitateak salbatuko ote gaituen Iban Zalduak lehenik eta Manex Mantxolak gero azpimarratu bezala. Dakidana da krisi ekonomikoa zain daukagula, begirada gaiztoz, kaio arre handiak larretik nola. Ea noiz erortzen garen, mokokada batez begiak ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.