K Saioa Alkaiza(h)
EGUZKI EPELEAN

Miseriazko bizitzak

2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Denok gorroto dugu polizia aldarri egiten du pegatina batek ostatuko komun zikinetik. Ez naiz amestu nuena, baina behintzat ez naiz zipaio dio esprai beltzez adreiluzko pareta gorrixkan idatzitako pintaketak, periferiako auzuneren batean. Txapelgorri bat inguratzen da, porra aterata. Mehatxuka hasten da. Zabiltza kontuz, kontuz bazpare, ezer egin gabe bazabiltza ere! kantatu zuen RIPek; eta, ostegunean, jendarme batek pistola bat jarri zion buruan auto batean zihoan herritar bati, hark eskuak altxatu bitartean, begiak, izu eta duintasuna, soinean; arma baten kanoia, bizitza kentzeko katu mugimendu leun bat baino ez zuena behar; dena, segurtasunaren izenean.

Polizia auto zapalduak tanke eta F-18 antzuak, alerta gorria komunikabideetan: argiak, kamerak eta sua! Piztu da piztia! erritmikoa oihukatu zuen Kuraiak, eta negar gasa bota dute G7koen kontrako kanpalekuetan, atxilotuak nonahi eta estatuen indar armatuak beldur adina errepresio. Kapitalismoa borra kolpe bakoitzean iltzatua.

Gorroto dut... polizi presentzia, epaile baten 'bahimenaz' zure etxera sartzen dena! rapeatu zuen Selektah Kolektiboak; eta, bitartean, prest dira armak, droneak, kolore guztietako maskulinitatearen gordailu gorpuztuak, atxilotze ziega baino etxola diren kubikulo prekarioak. «Askatasuna bermatzeko», diote politika liberalen militanteek.

Aurrekoan, ezagun batek esan zidan (agian Etsaia aipatzen ez den garaiotan): Etsaiari urik ez, eta, egarri denean, polboroiak; eta kapitalismoa bakea eta barrikadak basakeria diren garaiotan, zerbait argi, behingoagatik. Zerbait argi, demokrazia liberalak gaitzesten dut mantra errepikarazten digun aroan. Arbuiadezagun zakarrontzi bat sutan, miseriazko bizitza hauetatik.

Ekintzaile antikapitalistak atxilotu dituzte diote titularretan, eta ez dakit zergatik ez duten idatzi Kapitalismoaren aldeko ekintzaileek mundua suntsitzeko agenda adostuko dute edota Burgesiaren interesen defentsarako militanteek indarkeria erabiliko dute edozeinen kontra.

Horren guztiaren bueltan, Mikel Antzaren poema bat, orri artean, koherentzia baino zorrotzago: Kapitalismoa geu gara / horregatik ez dugu sekula garaitzen / garaitzeko geure buruaz beste egin behar genukeelako.

Dena dela, bere burua pentsatzen duen kolektibo bat bada, erresistentzia bat (edo batzuk), berdin kontragailurrean borrokan zein bide ertza mozteko batailan; ari dira, beraz, gehiengoaren diktadore diren gutxi horiek zertu nahi luketen hori bestelakotzen. Izan ere, badakizue: Miseria ereiten duenak, amorrua jasotzen du dio manifestaziotako leloak. Eta gauzak horrela, azken aipu bat: Atxilotuak askatu txilio egin du jendetzak. Bada, horixe bera. Kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.