lander garro
UDA BETIKO BALITZ

Mirakulu espontaneo hura

2016ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Pasa dira hilabete batzuk artistaren batek, Donostia 2016 ekimenaren izenean, Donostiako kaleetan Espainiako Errege Felipe VI.aren erretratu handia jarri zuenetik. Eta ez nuke hona ekarriko, baldin eta Donostia 2016 ekitaldiaren barruan, argazki horiek azaldu zirenetik, Artea letra larritan dei dezakegun ezer gertatu izan balitz. Zoritxarrez, ordea, gertatu den guztia, hain aurreikusgarria, programatua eta arauen barrukoa izanagatik, ezingo da inoiz modu klandestinoan kalearen erdian paratutako erret irudi horrekin parekatu. Onar dezagun. Bitxia da, artea kolonizatu duen espazio ofizial eta subentzionatu batean, milioiak eta milioiak inbertitu ondoren, ekintza txiki eta legez kanpoko batek lortu izana beste ezerk lortu ez duen oihartzuna. Nola, eta txantxa dei dezakegun ekintza umil baten bidez, ozta balioko zituena 70 edo 80 euro. Oso kontu probokatzailea zen, artistak posible zenaren eta ezinezkoa zenaren arteko dialektika ederra proposatzen zuelako. Esan al diezaioke euskal erakunde batek letra larriz «Ongi etorri!» espainiar monarkiari? Beno, ez da ohikoa, baina, gonbidatuta dagoenez, zergatik ez? Donostia 2016 ekimenak Espainiako koroa gonbidatu zuen ekitaldi artistiko bat inauguratu zezan. Horren aurrean, betiko salaketa politikoaren bidea geratzen zen, baina hitzek pisu bat daukate, eta salaketa hutsa egitea, garaiotan, ekintza fanatikoa da ia. Intolerantziaren erakusgarri anakroniko bat.

Hori intuituz, eta tenperatura egokia hartuz, artistak errege-erreginei ongi etorria ematen zien kartela paratu zuen, zeina, sutautsa bezala, jendartera zabaldu baitzen eskandalua sortuz. Kartelaren oinarrian, ostera, egi bat zegoenez, gonbidapena bera alegia, bai egiazkoa izan, bai gezurrezkoa izan, bietan geratzen zen Donostia 2016 egitasmoa umiliaturik. Zerk, eta arteak umiliaturik alajaina. Marrazoak jandako marrazoa bezala.

Ordura arte Donostia 2016 ekimena izan zen ekimen politiko-propagandistiko bat, dotorea aldika, entretenigarria beste batzuetan, eta beti ere konjura eta konspirazio politikoen erdian. Egun hartan, ordea, ekintza txiki harekin, ekimenak lehen enkontrua izan zuen artearen bertsio ausart eta gordinenarekin. Aurrerantzean, ekimena, probokazio haren peskizan bezala geratu da, beste mirakulu espontaneo baten zain bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.