Ihesi zen ekainean Itziar Ugartek Italo Calvinoren Hiri ikusezinak liburua ekarri zuen orriotara. Oyarzunen liburutegi imajinatua zuen hizpide, eta oñatiarrak Calvinoren hiri horietako batera eraman ninduen, Isaurara, mila putzuen alegiazko hirira.
Musulmanek, VIII. mendean, mila eta bat putzuen hiria esaten omen zioten Iruñeari. Hura mauka!, ura bertan, etxeko sotoan, Arga ibaira jaitsi gabe. Bestalde, Rodako kodexaren De laude Pampilone-ren arabera, 990ean urteko egunak adina putzu zituen Hiri Buruzagiak.
Piparrika, Putzu zuria, Jaun Done Saturdi, Erredin, Toki Leza, Roch, Kontuen Ganbera, Iturria botika, La Jarana peña, Kondestablearen jauregia, eta gisa horretan ustezko mila putzu zenbatu arte.
Calvinoren Isauran lur azpiko laku batek hornitzen zituen putzuak. Argaren hirian maila freatikoaren bizitasuna dugu lurpeko uren berme emailea. Etxeko sotoan zulatzen hasieta hezetasuna ziurtatua duzu. Beste kontu bat da putzua hornitzeko aski emari kausituko ote duzun.
Iruñeko Alde Zaharrean bada hiri bat lur azpian, konspirazioan ari dena. Maila freatikotik hurbil gertatzen da konspirazioa, putzuen abaroan. Pentsa, zenbait putzutan mahatsaren eta gerezien pipitak aurkitu dira. Garai bateko mahats eta gereziondo aldaerak berreskuratzea amets. Oro ez baita ura.
Calvinoren alegiazko hiriek bidea urratu dute literaturazaleen iruditerian. Isaurako putzuen dozenaka ilustrazio dituzu eskura. Gure xumean, mila putzu horiek errekak bilakatu zituen Diez de Ultzurrunek Bidador pastoraleko Erripan gora abestian, ez dadin emaria eten.
ELE
Mila eta bat putzuen hiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu