Atzoko egunkari askok zekarren argazkia: soldadu ukrainar bat, basalar baten ertzean eserita, liburu bat irakurtzen. Ez daki tregoak noiz arte iraungo duen, ez dago bere esku. Argia eta berotasuna itzali zaizkio bere munduari, eta bere esku dagoena egin du soldaduak: sua piztu du basoko arbastekin, eta, bere baitara bildurik, liburu bat zabaldu du baso abandonatuko bakardade guztizkoan, eskuetan daukan liburuarena beste ardurarik gabe. Zer irakurtzen ari ote da? Izan liteke literatura entretenigarria, ikusten eta sufritzen ari denaren aringarri. Izan liteke meditazio-libururen bat, gertatzen ari zaiena mamurtzeko. Edo historia liburu bat da, ulertu nahi duelako iraganeko zerk ekarri dien hondamendia. Baliteke ukrainar poesiaren antologia bat izatea ere, gerrak suntsitu duen edertasuna hizkuntzan behintzat bilatzeko.
Gizadiaren itsasora botatako botila bat da argazkia. Inozoa da munduak mezua irakurriko duela pentsatzea.
HITZ BESTE
Mezua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu