martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Mendekua kanpainan

2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak lortu du, azkenaldian zeukan helburu nagusietakoa izanik, mendekua hartzea ETAren bukaera ez zelako gertatu haiek nahiko zuketen bezala; hau da, ETAko kide guztiak bata bestearen atzetik atxilotuta eta espetxeratuta, eta ez, gertatu zen bezala, hau da, nazioarteko eragile garrantzitsuekin elkarlanean, eta haien babesarekin.

Josu Urrutikoetxearen atxiloketak mendeku gogo horri bakarrik erantzuten dio, bai baitakite atxiloketa horrek ez duela ezer aldatuko Euskal Herriko egutegi politikoan, ezta gure herriko politikak hartu duen norabidean ere.

Espainiako Gobernuaren erabateko baimenarekin egindako operazioa izan da noski, inork ezin duelako sinetsi Guardia Zibilaren aldebakarreko erabakia izan denik, nahiz gorputz polizial horrek nahi duena egiteko joera eduki. Espainiako presidente Sanchezek erabaki du hauteskunde kanpainaren erdian sartzea Urrutikoetxearen atxiloketa, eta horrekin sendotasun mezua bidaltzea eskuineko boto emaileei.

Sanchezek ez du bihurtuko osteguneko atxiloketa kanpainako gai nagusia, baina, behin-behinean dagoen gobernua izanda ere, eraginkorra dela erakutsi nahi izan die euskal preso politiko gutxi batuk mugitzearren kritikak egin dizkioten eskuineko alderdiei eta ETAren biktima elkarteei. Dena pakete batean, hauteskundeetako agendan sartu eta, gainera, biktima horien mendeku nahia ase.

Bestelako jarrera erakutsi du asteon Kolonbiako bake prozesuan oso rol garrantzitsua jokatzen ari den Bakerako Jurisdikzio Bereziak —Habanako akordioen ondorioz sortutako auzitegia—, FARCeko komandante ohi Jesus Santrich AEBetara estraditatzeko Washingtonek egindako eskaera atzera botata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.