Zuzendu nahi ez duenak ez du sekula zuzenduko. Nekatzeraino errepikatu digute azken urteotan ez dela bereizkeriarik egin behar euskal gatazka esaten zaion auzian egon diren biktimen artean. Denek merezi dituztela egia, aitortza eta erreparazioa, nahiz biktima bakoitzak bere zirkunstantzia eduki; oinarrizko hiru irizpide horiek unibertsalak direla biktima guztientzat.
Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentroa inauguratu dute asteon Gasteizen, Espainiako agintari nagusiak —Felipe Borboikoa, Espainiako presidente Pedro Sanchez...— eta Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zirela. ETAren biktimen zentroa izateko borondatearekin pentsatua, azkenean lekutxo bat egin diete GAL eta antzeko taldeen biktimei, nagusiki EAJren esku dauden Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Diputazioaren eta Gasteizko Udalaren babesa jasotzeko.
Urteak daramatza esaten Eusko Jaurlaritzak, Urkullu lehendakariaren ahotik bereziki, gatazkaren biktimen tratamenduak inklusiboa izan behar duela, denak hartu behar direla kontuan, inor bazterrean utzi gabe; denek pairatu dutelako indarkeria. Aurreko astean esan zuen elkarbizitzarako egitasmo baten aurkezpenean. Zaila dago ados ez egotea irizpide horrekin.
Baina hori esan eta astebetera, Eusko Jaurlaritzako arduradun nagusiak urrezko aukera galdu du —zentro horren inaugurazioa baliatuta estatuaren indarkeria jasan duten biktimak gogoan hartu etaparte hartu zuten agintari espainiarrei iraganaren irakurketa autokritikoa egin zezatela eskatzeko; ezker abertzaleari behin eta berriz eskatu izan dion suhartasun berarekin. Horrelakorik entzun gabe joan ziren agintari horiek.
Non jasoko dira oroimenezko horretan erakusten ez diren eskubide urraketak? Non erakutsiko dira bainuontziak, elektrodoak, mantak, telefono liburukoteak, dinamita kartutxoak, galdeketa gelak, kazetariei ordaindutako narrastien diru funtsen billeteak, armak...
Hogei urte barru egingo den eraikin batean?
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Memorialez memorial
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu