Memoriaren Plazan bildu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak «1936an hasi eta gaur egun arte euskal gatazkarekin loturiko indarkeria mota ezberdinak pairatu dituztenen bizipenak». Jendarte osoari zabaldutako ariketa da, lehen lerroan egon gabe ere bakoitzak bere ispiluaren aurrean eseri eta egin dezakeen terapia kolektiboa.
Gerra denboran haurdun geratu zen amona, eta gerran hil zuten mutil-laguna zuena, 24 urterekin. Baina gudari guztiak ez zituzten akabatu, eta haren anaia herrira itzuli zen, aurrena Matxitxakoko borrokan euskal gudarostearekin aritu eta ondoren Frantzian erbesteratuta zenbait urte igaro ondoren, ezkerrekoa eta errepublikarra izateagatik. Rojo harekin ezkondu eta beste hiru seme-alaba izan zituen amonak. Hil ezin izan zituzten langileen ilobak garela abesten dugunean, benetan ari gara.
Bederatzi urte nituenean, eskolatik jaistean ikusitako pankartekin akordatzen naiz: Santi Brouard hil zuten. Hamaika urte nituenean, abuztuko egun eguzkitsu batean egundoko leherketa entzun genuen, eta berehala heldu ginen Guardia Zibilaren koartelera, bizikletan, anbulantzien aurretik. Kaos hutsa zen hura. Urtebeteko haur bat larri zauritu zuen atentatuak. Haren anaia, amona eta guardia zibil bat ere zauritu ziren. Hamabi urte nituenean Irantzuri masailetan labanarekin GAL hizkiak eta esbastika bat tatuatu zizkiotela akordatzen naiz.
Hamalau urte nituenean hil zuten Josu Muguruza, institutuan hasi ginen udazken hartan, eta lehen borroka egunak, grebak eta manifestazioak ezagutu nituen. Beti ere barrikadaren alde batetik ikusitakoak markatu zidan gaztaroa: hildakoak, pilotakadak, eztandak, segadak, presoak, bahiketak, lazo urdinak, gerra zikina, tiroketak, hildakoak, atentatuak, errepresioa, sarekadak, egurra, gezurrak, beldurra, amorrua, tristura, tortura, iheslariak, haien zain geratutakoak, kartzelak, gutunak, bisitak, istripuak, hildakoak, malkoak...
Postal batean memoria ariketak idazten hasi eta horretarako uda osoko postal guztiak beharko nituzkeela ohartzeraino. Behin akordatzen hasita, egunkari osoa behar baita bizitakoa eta sentitutakoa hitzetara ekartzeko. Lehen, bigarren edo azken lerroan egon garen pentsatzeko. Honaino iristeko zenbat eman dugun. Zenbat kendu. Zenbat irabazi. Zenbat galdu. Zintzotasunez, eta batez ere oraindik koadroa ez dela amaitu ahaztu gabe.
KALAPORTUTIK
Memoria ariketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu