Oihane Puertas ONA

Zalantzez eta hasierez

2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun

Ekaineko goiz batean jaso nuen hemen idazten hasteko proposamena, etxetik 8.200 bat kilometrora nengoenean. Hasieran gezurra zela uste nuen. Gezurra izan behar zuen. Iritzian? Ni? Zergatik? Zer daukat nik kontatzeko? Nori interesatuko zaio? Zalantzen dantza. Eta burutik joaten ez zitzaidan pentsamendu —edo baieztapen— bat: Ez naiz gai. Inpostorearen sindromea, edo.

Norabide bikoitza du nire beldurrak: kanporanzkoa eta barruranzkoa. Eta biak daude lotuta. Ondo egin nahi ditut gauzak. Ondoegi, agian. Eta ondo egin nahi izate horrek geldiarazten nau askotan. Eta ondo ez egite horren beldurrez ezetz esateko zorian egon naiz. Jendeak pentsa dezakeenak ere kezkatzen nau. 2zio taldearen Nor nintzen ni kantaren hitzak etortzen zaizkit burura: «Besteen begirada zure kezka baldin bada, zu ez zara nahi duzuna, nahi dutena zara». Eta nik ez dakit zer izan nahi dudan, baina badakit nor nahi dudan izan: ni. Hori guztia eta hori bakarrik.

Proposamena jaso nuenetik ia bi hilabete pasatu dira, eta izan dut gaiari buruz hausnartzeko aukera. Berretsi dut aurten dela nire konfort eremutik kanpora ateratzeko urtea. Nolabait, beldurrei aurre egiteko urtea. Horregatik, besteak beste, nago etxetik hainbeste kilometrora inoiz imajinatuko ez nukeen lanpostu batean. Horregatik, besteak beste, erabaki dut zutabe hau idazten hastea. Horregatik, besteak beste, hastear da idaztear dudan garai berria.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.