Txupin bat zerua zulatu asmo duen suziri bat da. Objektiboki (ez naiz inoiz objektibotasunaren predikaria izan. Egiazkotasuna existitu daiteke, objektibitatea ez), segundo batzuk irauten duen eztanda txiki bat da; txis-pun! Itziar Ituñoren pregoiaren uhinek, aldiz, zerua baino gehiago, espazioaren eta denboraren legea zeharkatu dute.
Larunbatekoa oraindik gure ahoetan eta pantailetan dabil bueltaka. Gaurkotasun hiperazeleratuaren garaiotan meritua du denboran dilatatzeak. Oporretan nagoela amaren mezu bat jaso dut: «Entzun Itziar Ituñoren pregoia. Hunkigarria. Denontzat izan du berba, ez da inorekin ahaztu». Meritua, minutu mugatuetan denekin gogoratzea (ez daudenekin ere bai).
Itziarren profilean sartu naiz erreakzioak stalkeatzera. Jarraitzaileen mezuak ikusi ditut: hamalau orduko bidaia egin omen dute askok Bilbora etortzeko. Brasildarrak, kolonbiarrak, portugaldarrak, palestinarrak eta munduko beste hainbat txokotako jendeak idatzi dio eskerrak emanez. Euskaraz idazten diote askok. Euskara ikasten hasi direla diote batzuek, Euskal Herria ezagutu ez arren, miresten dutela, beste batzuek. Emakume askok iruzkindu dute argitalpena. Etorkinen seme-alabaren batek ere bai.
Ze garrantzitsuak diren erreferenteak; gure herria munduratzeko, zein mundu oso bat herriratzeko. Zein inportanteak eguneroko hizkuntza hautuak, Berri Txarrak-ek zioen bezala «hizkuntza inportantea baita, batez ere esateko zerbait dagoenean». Eta guk, lagunok, asko dugu esateko. Eskerrik asko, Itziar.