Hau ez da Sally Rooneyren liburu baten kritika (nahiz eta literaturari buruz ere ariko garen, nolabait). Hau, ongiaren eta gaizkiaren edo, hobeki esan, zintzotasunaren eta gaiztotasunaren arteko filosofia merkezurrekoa da (Mikel Laboaren kanta baten titulua ere izan zitekeen, aizue).
Duela aste gutxi batzuk Ugaon gizon batek emakume bat sastakatu zuen. Biharamunean, herriko alkatea aditu nuen irratian hizketan: «Ugaon pertsona zintzoak gara», esan zuen. Ezinbestean etorri zitzaidan beste mantra hori burura: «Literaturak pertsona hobeak egiten gaitu».
Nahiko nuke sinetsi baietz, baina ez dakit 30ak urruntzen ari direlako krisi esistentzialean sartzen ari naizelako ote den edo zer, baina zaila egiten zait horretan sinestea. Ez, literaturak ez gaitu hobeak egiten.
Itsusia litzateke pertsona gaizto baina irakurle edo idazle onen zerrenda bat egiten hastea hemen (hain izango bailitzateke subjektiboa), beraz, errazenera joko dut: bilau historiko ofiziala erabiliko dut adibidetarako, Adolf Hitler. Izugarri irakurle ona omen zen (zer den irakurle ona izatea beste baterako utziko dugu), eta gaiztotasunari lotuta pasatu da historiara.
Jakin nahi nuke inork bere burua pertsona gaiztotzat jotzen ote duen... Azken finean, funanbulista batzuk baino ez gara. Zintzo-zintzoak ez, baina gaizto-gaiztoak ere ez. Ezta?